Laskorainek finalerako txartela lortu du

Tolosaldeko Ataria 2023ko mai. 30a, 11:59

Laskorain taldeak lehen pausoa eman du datorren denboraldian areto futboleko Bigarren B mailan izateko. Antiguoko taldearen aurkako partida 2-3 irabazi zuten larunbatean, Donostian, eta igoera faseko finala jokatuko dute asteburuan.

Partidan ondo sartu ziren tolosarrak, bigarren minutuan aurreratu egin baitziren, Xabier Arranzek sartutako gol bati esker. «Finalerdia izanik, oso partida fisikoa eta bizia izan zen, eta ahalik eta akats gutxien egin nahi genituen. Hori dela eta, ez zen oso ikusgarria izan joko aldetik lehen zatia», esan du Mikel Juaristi Laskorain taldeko jokalariak.

Atsedenaldian abantaila horrekin iritsi ziren horitxoak, eta bigarren zatian Antiguoko taldea beste puntu batekin atera zen. «Fisikoki agian hobeto zeuden, eta bero handia egiten zuen kiroldegian», esan du Jauristik. Area ertzeko falta baten ondoren, lehen gola sartu zuten aurkariek. Zortzi minuturen faltan, Antiguoko aurreratu egin zen markagailuan, eta orduan Laskorainek atezain-jokalaria ateratzea erabaki zuen. «Min handia egiten ari ginela ikusi genuen, eta azkenean berdinketa lortu genuen, Beñat Aldalurrek sartutako golarekin», dio Juaristik.

Gol horren ospakizunetan bigarren txartel horia jaso zuen Laskoraingo jokalari batek, eta bi minutuz jokalari bat gutxiagorekin egon ziren. Markagailua defendatu zuten, eta ondoren atezain-jokalariarekin hasi ziren berriro jokatzen. 30 segundoren faltan, Jon Ander Cuadradok sartu zuen garaipenaren gola, eta azken segundo horietan markagailuari eustea lortu zuten tolosarrek.

Igoera faseko finalerdia irabazita, asteburuan Gernikaren aurka jokatuko dute finala, beraien etxean. Final hori irabazten duenak lortuko du datorren denboraldian Bigarren B mailan jokatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!