Ekainaren 17an alkate makila jasotzen duetenetik aurrera Tolosako alkatea izango da Andu Martinez de Rituerto (Lazkao, 1967).
Kontentu emaitzekin?
Pozik, bai. Espero genituen emaitza onak, sumatzen genuelako gure aldeko giroa herrian. Herritar askorekin bildu gara, auzotarrekin hamar bilera egin ditugu, eta bilera horietan gure aldeko giroa sumatzen genuen. Hala ere, emaitzek harritu egin gaituzte, alde handia dagoelako. Zinegotzi bat gehiago ateratzeko, 500 botoren aldea atera behar genuen eta 1.200 botoko aldea atera dugu. Hamargarren zinegotzitik oso gertu geratu gara; herritar askoren babesa jaso dugu.
Nola ospatu duzue? Lo egiteko tarterik hartu duzu?
Atzo jendea oso pozik zegoen, normala den bezala. Ni ere bai, baina pixka bat eusten, ardura sumatzen hasi nintzelako, eta kontziente naizelako erronka handia dela eta oso ondo egin nahi dugula. Jendea ospatzen ari zen bitartean niri proiektuak eta ideiak etortzen zitzaizkidan burura. Ospatu genuen, baina neurrian.
Zein izan da EH Bilduren hazkundearen giltza?
Legealdi osoan zehar proaktiboak izaten saiatu gara, proposamenak egiten, oposizio eraikitzailea egiten, eta gobernuaren jardunarekin kritiko azaldu garenean, beti beste irtenbide bat proposatuz egin dugu. Ez da oposizio hutsala izan, edo protesta egitea, protesta egiteagatik. Beti egon da argudiaketa bat eta proposamen bat. Herritar askok hori saritu dute eta herritar askorengana iritsi gara. Tolosan emaitzak bereziki onak izan ditugu, baina orokorrean EH Bilduren mezua Euskal Herri osora zabaldu da, eta jendeak bat egiten du aldarrikapen orokorra den politika publikoak indartu eta herritarrengan zentratzearekin.
Zure ustez hautesleek EAJren kudeaketa zigortu dute?
Nik uste zigorra beraien hautesleen aldetik izan dutela, datuek behintzat hori adierazten dute. Hala ere, nahiago nuke EAJk berak egingo balu bere kritika. Ez da pozgarria abstentzioa igotzea, eta kasu honetan, abstentzioak beraiengan izan du eragina. Gure kasuan, orain dela lau urteko emaitzekin alderatuz, 400 boto baino gehiago izan ditugu, eta abstentzioa 4-5 puntu altuagoa izan da.
Oposizioan egin duzuen lanak izan al du zerikusirik emaitzekin?
Pentsatzen dugu baietz. Lan zintzoa eta eraikitzailea egiten saiatu gara, eta ahal izan dugun neurrian gauza asko babestu ditugu, asko gure ekarpenetatik abiatutakoak izan direnak, eta gero, gurekin elkarlana bultzatu ez dutenean ere, gure proposamenak herritarrei erakusten eta herritarrengana iristen saiatu gara.
Kanpainarekin ere asmatu duzue?
Kanpaina konplikatua da. Gaur egun etengabe gaude komunikatzen. Kanpaina lau urteetan zehar egiten da, jendearekin egonez. Alde horretatik, oposizioan egotea berezia izan da, hedabideetan presentzia gutxi genuela sentitu dugulako; azken batean, zuk sortzen duzuna proposamenak dira, eta gobernuan dagoenak nolabait egindakoak saltzen ditu. Nire ustez, pentsa baino gizarte helduagoa dugu, eta jendeak gehiago begiratu dio benetan egindakoari, esandakoari baino. Gu saiatu gara kanpaina irekitzen, eta ez bakarrik gure jendearengana iristen. Adibidez, elkarrizketa ireki bat antolatu genuen, herritarrek neure ahotik ezagutu zezaten gure programa, baina, zaila da zure jendetik harago iristea eta ekitaldi endogamikoak bihurtzen dira.
Auzoz auzoko datuak aztertu dituzue?
Egia esan, beti daude mahai batzuk aldekoagoak direnak. Bitxia da, baina lehendabiziko mahaiko emaitzek markatzen duten tendentzia mahai guztietara zabaltzen da. Hori soziologikoki aztertzeko modukoa da. Gu ia mahai guztietan igo gara eta EAJ ia mahai guztietan jaitsi. Orain dela lau urte alderik altuena atera zigun mahaietan, aldea nabarmen murriztu da.
Zoriondu zaituzte EAJko eta PSE-EEko ordezkariek?
Joxe Mari [Villanueva] berehala etorri zen, oraindik datu asko falta zirenean, baina berak nahiko garbi ikusi zuen bederatzigarrena lortuko genuela. Xarlesek [Iturbe] ere deitu zidan telefonoz eta zoriondu ninduen.
Zer jarrera hartuko duzue oposizioko alderdiekin?
Gure jarrera elkarlanaren aldekoa da beti. Irtenbideak bilatzeko gaude gu hemen, eta ahal bada, denon artean. Elkarlanak muga bat du: zintzo egitea lana, norabide berean. Guk hori sumatzen badugu, elkarrekin joateko prest izango gara; sumatzen badugu traba egiteko dela, ez da posible izango, baina erabat irekiak gaude, pentsatzen dugulako erabakiak geroz eta zabalagoak izan, geroz eta egonkorragoak izango direla.
Tolosak zein aldaketa nabarituko du zuek gobernuan zaudetela?
Auzo guztietara joango gara uztail bitartean, eta hori aldaketa nabarmena izango da. Hala agindu eta egin genuen kanpainan, eta iruditzen zaigu neurri oso egokia izango dela. Izan ere, batzuetan, badirudi gehien protesta egiten duen horri eman behar zaiola gehiago, baina guk pentsatzen dugu dituzten beharrak jaso behar ditugula, eta behar horiek guztiak mahai komun batean jarri behar ditugula auzo elkarteen ordezkarien mahaia eratuta. Hor erabakiko da zer beharrek duten lehentasun gehiago. Ideia hori oso ondo ulertu dute gurekin elkartu diren herritar guztiek.
Eta gainerakoan, ze proiektu lehenetsiko dituzue?
Lehendabizi diagnostiko bat egingo dugu udaletxe barruan, teknikari guztiekin bilduz. Gure proiektuak, batzuetan, errealitatetik pentsa baino gorago daude, eta proiektu horiek lur hartu behar dute, eta lur hartzeko teknikariak ezinbestekoak dira. Alkatetza hartu aurretik, teknikariekin egoten saiatuko gara. Planifikazio bat egingo dugu, lehenengo ehun egunetarako, eta gero legealdi plana finkatzea gustatuko litzaiguke irail ingururako.
Herritarrek zorrotz begiratzen dieten gaiak dira, besteak beste, Alde Zaharra, Zumarditxikia, Zubi Berria, Asuncion eta ospitale berria...
Horietako proiektu batzuk gure erabateko ardura izango dute, baina beste batzuetan eragiteko ahalmena txikiagoa izango da. Zubi Berriaren gaia ondo aztertu behar dugu; badirudi erabakia nahiko irmoa dela, baina kontaktuan jarriko gara URA agentziako teknikariekin, eta ikusiko dugu zerbait eragin dezakegun. Tolosaren egoera ez da samurra, Oria ibaia erabat kanalizatuta dago Tolosan, eta ur emarian eragiteko aukera gutxi dago. Hala ere, horrelako arazo estrukturalak ezin dira irtenbide puntualekin konpondu. Interbentzio integrala behar du.
Ospitalearen gaia ere ez da gure eskumena. Gauza asko argitu behar dira: zer datuetan oinarrituta egin duten Plan Funtzionala eta benetan plan horrek kanpoan utziko dituen gaixoak non eta nola artatuko diren. Teknikoek azaldu beharko dute hori. Hori azaltzeaz gain, herritarrekin eta Tolosaldeko alkate zein herrietako teknikariekin partekatu behar da, eta norabide berean hasi lanean. Baita ere argitu behar da zer asmo duten Asuncion klinikarekin eta bertako langileekin.
Alde Zaharrari eta Zumarditxikiari begira, buru-belarri lanean jarri behar dugu. Alde Zaharra proiektu estrategikoa izan behar du, urgentziazko interbentzioa behar du. Lehendabizi diagnostikoa eta plana egin behar ditugu, baina ez da izango sei hilabeteetan konponduko den zerbait. Zumarditxikiarekin berdin. Interbentzioa da Zumarditxikiak okupatzen duen espazioan batetik, eta bestetik, Santa Klara kalean, mugikortasunari begira. Ikusiko dugu bi proiektuak nola uztartu daitezkeen, eta berroneratuko dugu Zumarditxikia, oraingo egitura eta izaera errespetatuz.
Oposizioan aritzetik lehen lerrora pasako zarete. Aldaketa handia izango da?
Oposizioan lan handia egin dugu, askotan, ikusten ez dena, esker txarrekoa. Informazio asko gure kasa bilatu behar izan dugu, txostenetan, erregistroan, eta hemendik aurrera lan hori ez dugu egin beharko. Beste aldetik, langile guztiak gurekin elkarlanerako egongo dira. Aberasgarriagoa izango da, eta indarrak beste toki batzuetan jartzeko aukera izango dugu.
Nola antolatuko zarete? Zenbat liberazio izango dituzue?
Aztertu egin behar dugu. Aurreko agintaldian, gu sartu ginenerako akordioa lortua zuten EH Bilduk eta EAJk, Eudelen markora atxikiko ginela eta hala izan da. Zazpi liberazio aurreikusten zituen Eudelen markoak Tolosarako, eta hala aritu gara: lau liberazio EAJk, bat PSE-EEk eta guk, oposizioan, bi. Printzipioz, aztertuko dugu, baina oposizioak bi beharko lituzke, eta guk lau liberazio eta erdi, eta PSE-EEk erdia.