Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

Udalak «ardura maila handia» duela uste dute Usabal kiroldegiko langileek

Ataria 2023ko mai. 30a, 07:58

Pasa den ostegunean egin zuten Usabal kiroldegiko langileek orain arteko azken elkarretaratzea, Tolosako udaletxe parean.

Tolosako Udalak bi aldeak akordiora iristeko bitartekaritza profesionala eskatzea, «gatazka honetan bere ardura kentzeko modu bat bezala» ikusten dute. «Akordioa hain gertu egongo balitz, ez genuke greba mugagabe bat aurrera eramango».

Azken egunetan kiroldegiko lan gatazkaren inguruan izandako gertaerak direla eta, bertako BPXport enpresa kudeatzaileko langileak azalpen batzuk ematera behartuta sentitu dira. «Zenbait tokitan irakurritakoaren arabera, Tolosako Udalak bitartekaritza profesionala eskatu du bi aldeak akordiora iristeko. Guk, azken asteetan udalarekin eta enpresarekin egindako bilerak kontuan izanda, adierazpen hauek gehiago ikusten ditugu gatazka honetan bere ardura kentzeko modu bat bezala. Gainera, argi utzi nahi dugu, udalak esan duen bezala, bi aldeen akordioa hain gertu egongo balitz, ez genukeela greba mugagabe bat aurrera eramango. Izan ere, negoziaketa guztian zehar azkeneko urteetan galdutako erosahalmena eguneratzeko proposamen desberdinei uko egin dio enpresak».

Horri dagokionez, beraien ikuspuntua hasieratik «oso argia» dela gaineratu dute. «Iraungita dagoen lan hitzarmen hau negoziatzeko garaian, hasierako elkarrizketako enpresarekin izan badira ere, udalaren ardura erabatekoa dela pentsatzen dugu». Alde batetik, kirol instalazioak udalarenak direlako, eta bestetik, udalak hartutako erabaki politiko bat izan zelako instalazio eta zerbitzu publikoa azpikontratatzea. Gainera, udalak egin ditu pleguak eta arauak jarri dituenak arduraduna izan beharko luke. Orain, lan hitzarmen horren gatazkan, esku hartzerik ez duela esateak ez du udala daukan arduratik kanpo uzten».

Halaber, beraien lan baldintzak hobetu nahian, langileei «garrantzitsua» iruditzen zaie udalaren eta enpresaren arteko erlazioan testuingurua jartzea. «Enpresak udalari urteko kanon finko bat ordaintzen dio, eta horrez gain, enpresak egindako kudeaketaren ondorioz egon diren eta egon litezkeen onura ekonomikoak bien artean banatzen dituzte. Hau Usabal kiroldegia ireki zenetik eman izan den egoera da eta egungo kontratuak irauten duen bitartean, indarrean jarraituko du. Honegatik guztiagatik, udalak ardura maila handia duela iruditzen zaigu».

Langileek salatu dutenez, erabaki guztiek proportzionaltasun printzipioei erantzun behar dietela leporatu izan diela udalak. «Guri, aldi berean, desproportzionala iruditzen zaigu udalak zerbitzu publiko batetik izan dituen eta izan litzakeen onura ekonomikoak jakinda, bertako langileei KPIa ez eguneratzea, lan egindako ordu guztiak ez ordaintzea edota klase prestaketetako denbora ez aitortzea».

Langileek 2020tik dute hitzarmena iraungita, eta adierazi dutenez, azken urteetan, izandako gertakariek guztiei eragin die erosahalmenaren galeran. «Lizitazio batetik bestera ematen diren atzerapenengatik ezin dugu erosahalmena galdu eta kontratuen esleipenetan izandako arazo eta atzerapenek ez lukete ez langileengan ezta zerbitzuan ere eragin negatiborik izan behar. Izan ere, lan baldintzak ez hobetzeak, lan baldintzak okertzea esan nahi du, eta horren aurka gabiltza borrokan».

Amaitzeko, jakitun dira grebak erabiltzaile, kirol klub eta bertan lan egiten duten guztiei eragiten diela. «Ulertzen dugu euren atsekabea, baina gure lan baldintzak hobetuz, kirol zerbitzu onenak izateko asmoz gaude greban».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!