Erroibar ibarrera irteera antolatu du Alpino Uzturre Mendi Elkarteak

Ataria 2023ko maiatzaren 29a

Igandean, ekainak 4, izango da txangoa. Zilbetitik (Nafarroa) abiatu eta Adi eta Egietako Gaina mendietara igoko dira. Elkarteko bazkideek 13 euro ordaindu beharko dute; bazkide ez direnek, berriz, 15 euro.

Iganderako mendi irteera antolatu du Tolosako Alpino Uzturre Mendi Elkarteak. 7:30ean elkartuko dira San Frantzisko eliza atarian, eta autobusez Nafarroako Erroibar ibarrera joango dira, hain justu, Zilbeti herrira. Bertan hasiko dute txangoa, eta Adi (1.457 metro) eta Egietako Gaina (1.235 metro) mendiak igoko dituzte. Adi mendia nafar Pirinioetako gailur garrantzitsuenetako bat da. Gero, Bizkarretara jaitsiko dira, eta bertatik, autobusez itzuliko dira Tolosara.

17,5 kilometroko ibilbidea izango da, 1.075 metroko desnibel positiboarekin. «Egietako Gainara igoera saihestu daiteke GR-a jarraituz. Eta hala 200 metro gutxiago izango da desnibela metatua», adierazi dute elkartetik. Aurreikusten dutenez, bost ordu eta erdi inguru beharko dituzte txangoa egiteko.

Informazio gehiago jaso edo izena eman nahi dutenek hiru aukera dituzte: Alpinouzturre.eus webgunea bisitatuz, info@alpinouzturre.eus helbide elektronikora mezua bidaliz edota 943 652 789 telefono zenbakira deituz. Prezioari dagokionez, elkarteko bazkideek 13 euro ordaindu beharko dute; bazkide ez direnek, berriz, 15 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!