Zortzi urte eta gero, alkatetza lortu du EH Bilduk Tolosan

Ataria 2023ko maiatzaren 28a

Andu Martinez de Rituerto izango da Tolosako alkate, garaipen argia lortuz; EH Bilduk bederatzi zinegotzi izango ditu, EAJ-k zazpi zinegotzi eta PSE-EE-k zinegotzi bat.

EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak Tolosan eta bederatzi zinegotzi lortuz, alkatetza eskuratu du. Andu Martinez de Rituerto izango da alkate berria. Botoetan gora egin du koalizioak aurreko hauteskundeekin alderatuta, eta 4.655 boto eskuratu ditu, orain lau urte baino 406 boto gehiago. 

EAJ-k alkatetza galdu du, eta zazpi zinegotzi lortu ditu, 3.464 boto lortuz, aurrekoan baino mila gutxiago. PSE-EE-k bere zinegotzia mantendu du, 710 boto eskuratuz, aurrekoan baino 32 gutxiago. Abstentzioa, berriz,  %38,93koa izan da, 2019an baino 7,62 puntu gehiago.

«Ez genituen espero»

EH Bildu koalizioak Zerkausian ospatu zuen garaipena. «Helburua hau zen, eta bagenekien zaila izango zela, baina espero genuen emaitza ona izatea», kontatu zuen hurrengo lau urteetan Tolosako alkate izango den Martinez de Rituertok. Lortu dituzten emaitzak ez zituztela espero aitortu zuen.

«Jendeak uste dut egin dugun oposizio eraikitzailea eta hainbat gai giltzarritan izan dugun jarrera saritu duela», esan zuen. «Auzo guztietara» gerturatu direla nabarmendu zuen, eta herritarrak «entzun» dituztela: «herriak hori baloratu du». «Aldea handia izan da, eta hainbat gairen inguruko zigor botoa ere izan da», zehaztu zuen; «aldebakartasuna» eta «gardentasunik gabe aritzea» aipatu zituen emaitzen irakurketa egitean.

Herritarrei zuzendu zitzaien Martinez de Rituerto, eta helburua, «herria herritarrekin batera kudeatzea» duela esan zuen. «Alkatetza tresna bat da, eta gure asmoa ahal den neurrian erabakiak herritarrekin batera hartzea da, eta aurrera egitea».

Bestalde, Xarles Iturbe EAJ alderdiko alkategaiak esan zuen ez direla espero zituzten emaitzak . EH Bilduk «garaipen argia» lortu duela aitortu zuen Iturbek, eta eskerrak eman zizkien «guregan konfiantza jarri duten 3.500 pertsonei».

«Herriak jarri gaitu beste leku batean, eta bihar ere lanean jarraitu besterik ez dago», esan zuen emaitza jakin bezain pronto, Batzokian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!