Musika, txoko guztietan

Tolosaldeko Ataria 2023ko mai. 27a, 17:04

20 musika talde baino gehiago eta 200dik gora musikari ari dira, goizean goizetik, Tolosako kaleak alaitzen, Musikherrian.

Aurtengo Musikherria ere musika Tolosako txoko guztietara ari da eramaten. Dultzaina eta txaranga doinuak entzun ahal izan dira herriko auzoetan, eta ondoren herriko kaleetan entzun ahal izan dira musika eskolako ikasleak, Udaberri fanfarrea, Konponezinak txaranga, Isidro Larrañaga musika eskolako ikasleak, Uztaritzeko Herri Soinua elkartea edota Laskotxaranga.

Eguerdian, Tolosa Kantarikoak kantuan aritu dira Alde Zaharrean, ekimenarekin bat eginez. Lopez Mendizabal plazan, Lask abesbatza, Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra eta musika eskolako klarinete taldearen musikaz gozatu ahal izan dute bertaratu direnek, eta bitartean, Plaza Berrian, Hodeiertz abesbatza, Garena Taldea, Garigabeak taldea eta The Konbix taldea aritu dira girotzen.

Zerkausian bazkaldu ostean, festak arratsaldean jarraipena izango du. Batetik, Jarauta 69 txaranga iruindar ezaguna ariko da, eta gauean bi kontzertu izango dira Plaza Berrian, 22:00etatik aurrera. Alde batetik, Euskal Herriko musika eszenan indar handiz sartu den erritmo biziko talde bat ariko da: Goxuan Salsa. 60, 70 eta 80ko hamarkadako New Yorkeko, Kolonbiako eta Puerto Ricoko erritmo latino eta salsa doinuak euskarara ekarri dituen lehen orkestra da, Nafarroan sortua. Jatorriz kolonbiarrak dira taldekideetako sei, eta euskaraz ikasi dute gainerako taldekideen laguntzari esker. Bestetik eta egunari amaiera emateko, Akerbeltz erromeria taldea ariko da. 15 urte baino gehiago daramatza oholtzaz oholtza, eta aurten ikuskizun berritzailea prestatu dute.

Erlazionatuak

Askotariko doinuak Musikherrian

Tolosaldeko Ataria 2023 mai 27 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!