Laskorainek etzi izango du igoera faseko finalerdia

Ataria 2023ko maiatzaren 25a

Areto futboleko Hirugarren Mailako Laskorain talde tolosarra laugarren geratu da ligan, eta aukera izango du igoera fasea jokatzeko. Hain justu, etzi izango du finalerdiko partida ligan lehen postuan geratu den Antiguoko taldearen aurka. Etzi, larunbata, izango da partida, 16:30ean hasita, Donostiako Pio Baroja kiroldegian.

Partida bakarrera jokatzen da finalerdia. Berdinketa izanez gero, luzapena jokatuko litzateke, hiru minutuko bi zati. Luzapenean ere berdinketa izanez gero, ligan postu hobean sailkatutako taldeak egingo du aurrera. Beraz, Laskorainek derrigorrean irabazi egin behar du finala jokatu ahal izateko.

Aurten partida bat irabazi zieten Laskorainekoek Antiguokoei, 6-1 eginez etxean, eta gero aurkarien etxean galdu egin zuten. «Buruz buruko partida izango da larunbatekoa, eta akats gutxien egiten duenak irabaziko du neurketa», esan du Laskorain taldeko Mikel Juaristi jokalariak. «Oraindik baja askorekin gaude, baina pare bat jokalari berreskuratu ditugu. Ez da erraza izango, baina uste dut konfiantza handiarekin iritsiko garela. Zailtasunak ditugu ezin dugulako Usabal kiroldegian jokatu, bertan bizi den egoerarengatik, baina beste kiroldegi batzuetan entrenatzen ari gara».

Larunbateko finalerdia irabazteko «gogo handiz» daudela esan du Juaristik. Neurketa hori irabaziz gero, hurrengo asteburuan izango den finalerako sailkatuko lirateke tolosarrak. Asteburu honetan jokatuko da beste finalerdia, Gernika eta Aurrera Vitoria taldeen artean, eta horko irabazlearen aurka jokatuko lukete finala. Beti ere, final hori etxetik kanpo jokatuko lukete, laugarren postuan geratu baitira Laskorain taldekoak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!