7.000 lagun, Beti Ikasten elkartearen saioetan

Tolosaldeko Ataria 2023ko mai. 25a, 16:00

Iazko ikasturteko parte hartzearekin alderatuta, %56ko hazkundea izan da; 50 hitzaldi izan dira, baina horiez gain, bestelako ekintzak ere egin dituzte.

Maiatzaren 23an, asteartea, Tolosako Beti Ikasten Elkarteko bazkideen Batzar Nagusia egin zen Tolosako Topic-en, eta bertan amaitu berria den 2022-2023 ikasturteko ebaluazioa egin zuten. Zuzendaritza Batzordeak bazkideen kopuruak %45eko igoera garbia izan duela nabarmendu zuen. 67 bazkide gehiago izan dira ikasturte honetan, eta une honetan, 218 bazkidek osatzen dute elkartea. «Erregistro historikoa da elkartea sortu zenetik», esan dute. Batzarrean, bazkideen esfortzua azpimarratu nahi izan zuen zuzendaritzak. «Beste urte batez, jardueren autofinantzaketa maila %94tik gorakoa izan da, Gipuzkoako beste herrietako elkarteena baino askoz handiagoa».

Horri esker, oro har 7.000 lagunek parte hartu dute antolatutako 50 hitzaldietan, bataz beste, 140 kide saio bakoitzeko; jendetsuenean, 178 bildu ziren. Iazko ikasturtearekin alderatuta, %56ko hazkundea izan dute saioek. Bazkideen balorazioak aztertu ondoren, hitzaldi guztien asebetetze-maila «oso altua» izan dela nabarmendu dute. Ikasturte honetan, Tolosako Udalak sustatutako Tolosatzen programaren barruan, Beti Ikasten Elkarteko bost saio txertatu dira, saio hauek herritar guztientzat irekiak izan direlarik.

Hitzaldiez gain, bestelako saioak ere egin dituzte. Esaterako, kultur txangoak berriz martxan jarri dituzte eta 250 lagunek baino gehiagok parte hartu dute antolatutako bost ibilaldietan. Iaz, irakurketa talde bakarra izan zen, baina aurten bi izatera iritsi dira, Tolosako Udal Liburutegiarekin egindako lankidetzari esker. Halaber, ikasturte honetan jarduera berri bat sustatu da: Miradas de cine izeneko zinema taldea. Leidor aretoan proiektatutako 5 film ikusi eta horien inguruan solasaldia egin dute. «Era berean, azpimarratzekoa da Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren lankidetzarekin ordenagailu eta mugikorretarako bi prestakuntza-ikastaro egin izana», gaineratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!