Tolosako Udalak aurtengo diru laguntza deialdi bateratua abiarazi du

Ataria 2023ko mai. 26a, 13:25

14 diru laguntza lerro argitaratu berri ditu udalak, herritarrei, taldeei eta eragileei haien jardueretan laguntzeko helburuarekin. Aurrerago, etxebizitzen arloari eta merkataritzari lotutako hiru diru laguntza lerro gehiago argitaratuko ditu.

Tolosako Udalak aurten ere diru laguntza deialdi bateratua jarri du martxan herritarrei diru laguntza bat eskatzeko prozedura errazteko eta barne kudeaketa eraginkorragoa izateko.

Guztira 14 diru laguntza lerro jarri ditu abian udalak, Tolosako herritarrei, taldeei eta eragileei haien jardueretan laguntzeko helburuarekin. Honakoak dira deialdian jasotzen diren laguntzak: kultura arloko diru laguntzak, emakume eta gizonezkoen berdintasunerako laguntzak, euskara arlokoak, kirol arlokoak, gizarte zerbitzuetako diru laguntzak, garapen ekonomikoaren arlokoak eta hirigintza arloko eta gazteria arloko diru laguntzak. Azken hauei dagokienez, azpimarratu nahi da gazte elkartu eta elkartu-gabeei zuzenduta daudela, hau da, gazteek ideia edo ekimen bat buruan badute, hori ahalbidetzeko diru laguntza lerroa dagoela.

Aipatu behar da, diru laguntza deialdi bateratutik kanpo geratu direla hiru dirulaguntza lerro: merkataritza sailaren baitan, Tolosako hiri-ekonomia indarberritzeko diru laguntzak, eta etxebizitza sailari dagokionean, Tolosan etxe bizitzak eraberritzeko laguntzen bidez alokairu soziala bultzatzeko diru laguntzak eta Tolosan etxebizitzak alokatzeko dirulaguntzak. Hauek datozen hilabeteetan argitaratuko dira.

Eskaerak egiteko epea, zabalik

Diru laguntzak eskatzeko epea zabalik dago gaurtik aurrera eta hemen eskuratu daiteke laguntza bakoitzaren informazio guztia: eskatzeko epealdia eta jarraitu beharreko prozedura, zein helburu dituen, nori bideratzen zaion, zenbateko laguntza jaso dezakeen, bete beharreko baldintzak etab.

Informazio gehiagorako edo izapide elektronikoak egiteko laguntza jasotzeko KZgunea herritarren zerbitzura dago, eta dagokion departamentuarekin ere jarri daiteke harremanetan 010 edo 943 65 44 66 telefono zenbakian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!