2022ko urtarriletik Tolosako komertzio, azokak eta turismo zinegotzia da Xarles Iturbe Pasaban (Tolosa, 1978). Ingeniaria formazioz, eremu pribatuan nahiz publikoan lanean aritutakoa da, baita nekazaritza sindikatu eta Gobernuz Kanpoko Erakunde batean ere. Alderdiak Tolosako EAJ-ren alkategai izateko erronka «oso eskertuta» hartu du, eta «gogo onez» onartu.
Zein da azken legealdiaz egiten duzun balantzea?
Tolosak esparru askotan egin du hobera. Hiri ekonomian, esaterako, Eliker, Azoka Lagunak, merkataritzari zuzendutako laguntzak eta programak; gizarte zerbitzuen alorrean ere lanketa handia egin da. Etxebizitza alorrean esfortzu berezia egin da, esaterako, alokairua ordaintzen laguntzeko diru laguntzekin eta etxebizitza hutsen inguruko ordenantza berriarekin. Berdintasunaren alorrean, Andragora emakumeen etxea nabarmentzekoa da. Bestalde, herri atsegin eta irisgarriagoa egiteko kale eta gune asko berritu dira.
Zeintzuk dira datozen lau urteetarako dituzuen proposamen nagusiak?
Bost zutabe jarri ditugu: ekonomikoki oparoa den herria; herritarren ongizatea eta zaintza erdigunean jartzea; nortasunarekin lotuta, garenaz harro gaudela erakusten duen herria; ingurumena zaintzea eta aldaketa klimatikoan eragitea; eta herritarrengatik gertutasuna eta kudeaketa garbi eta zorrotza. Lehentasun nagusiak garapen ekonomikoa eta ongizatea dira guretzat. Garapen ekonomikoari dagokionez, Apatta industrialdearen bigarren fasea eta Eliker aipatuko nituzke. Halaber, merkataritza, ostalaritza eta ekintzailetza sustatzen jarraitu behar dugu. Bestalde, gizarte zerbitzuak herritarrengana gerturatu behar ditugu, adineko pertsonen ongizatea hobetu, bakardade egoeran daudenak identifikatu edota zaintza eta prebentzioa landu. Berdintasunari dagokionez, Andragora emakumeen etxeari bizia eman behar zaio. Agenda feministak ekarpen handia egin diezaieke emakumeei, eta baita gizarteari eta Tolosari, oro har.
Tolosan azken urteetako manifestazio jendetsuena egin berri da, TOPA-k deitutakoa osasun sistema publiko baten alde. Zer jarrera duzue ospitale publikoari buruz?
EAJ-k beti egin du eta egingo du osasun publikoaren aldeko defentsa eta apustua. Eskualdeko ospitale publikoari buruz, duela lau urte apustu sendoa egin zuen alderdiak eta berretsi egiten dugu. Errealitatea izango da, eta bidean gaude. Pauso eraginkorrak eman dira legealdi honetan, Jaurlaritzak ospitalea egiteko konpromisoa azaldu du, eta gordeta daude aurrekontu batzuk helburu horrekin. Hurrengo legealdian urrats eraginkorrak ematen jarraitzea da gure asmoa. Bitartean, Asuncion Klinikari eutsi egin behar diogu, eta kalitatezko arreta eta zerbitzuak exijituko ditugu, orain arte egin dugun moduan.
Pil-pilean daude ere Usabal kiroldegiko langileen greba mugagabea eta Asuncion Klinikako langileen lanuzteak. Zer egiten ari da edo egin dezake udalak kasu horietan?
Bi kasuetan, langileen greba eskubidea eskubide bat da. Kiroldegiari dagokionez, udalak hasieratik bitartekari lan etengabe eta nekaezina egin du, alkatearen eskutik. Klinikako langileen aferan, enpresa pribatu baten eta langileen arteko hitzarmena dago tartean. Egia da itunpeko zentro bat dela, baina negoziaketa horretan ez gaude, eta udalari ere inork ez dio bitartekaritza lana egiteko eskatu.
Alde Zaharreko bizilagunak biltzen hasi dira auzoaren egoerarekin eta etorkizunarekin kezkatuta daudelako.
Alde Zaharra ez da inoiz ahaztuta egon, are gehiago, udalarentzat babes berezia duen gunea da. Diru laguntza lerro guztietan, esaterako, begirune berezia du, baita merkataritzako ekimenak bultzatzeko garaian ere. Bestalde, legealdi honetan Alde Zaharraren bihotzean dagoen Iturritza jauregia erosi du udalak, inbertsio handia eginez. Gure asmoa da euskarari lotutako proiektu bat bultzatzea bertan. Gorriti plaza ere azpimarratuko nuke. Urte askoren lanketaren ondoren, zonalde horren berritzea gauzatu ahal izan baita. Alde Zaharrean hainbat etxadi patio daude, eta bat behintzat biziberritzeko asmoa ere badugu. Herritarrak elkartu eta bizilagunen elkarte bat sortzea positiboki baloratzen dugu. Taldea sortu zenetik hainbat bilera izan ditugu, dituzten kezkak mahai gainean ditugu eta lantzen ari gara. Gure asmoa da batzorde iraunkor bat sortzea taldearekin, lanketa berezia gauzatu ahal izateko.
Zumarditxikiaren proiektuak ere zeresana eman du. Proiektua beragatik eta aparkalekuaren aferagatik.
Zumarditxikiko aparkalekuen gaiak hauspotu du guztia. Gure agendan leku nabarmenean dagoen gaia da Tolosan aparkatzeko dagoen arazoa. Santa Klarako eremuan aparkalekua jartzeko aukera aztertu nahi dugu. Geltoki plaza ere aztertu beharra dago eta baita lurrazpiko aparkalekuak ere, era eraginkorrago batean erabili ahal izateko. Zumarditxiaren proiektuari dagokionean, beste erabilera bat merezi duen eremu moduan identifikatuta zegoen. Horretan, gainera, herrian adostasuna dagoela esango nuke. Proiektuak bi parte hartze prozesu izan zituela aipatu beharra dago, beraz, parte hartzea bermatuta egon da. Irisgarritasuna, tolosar guztiek erabiltzeko gune izatea, ibaiarekiko harremana sendotzea edota ingurugiroarekiko zaintza izan ziren prozesuetan ondorioztatu ziren oinarriak Zumarditxikia aisialdirako eta atsedenerako parke bilakatzeko, berdeguneekin eta ibaira begira. Proiektua aditu talde batek diseinatu zuen, ondoren herritarrei aurkeztu zitzaien, eta kezka batzuk azaldu ziren. Gure pena handiena da kezka horiek oso berandu azaldu direla, urteetako lanketa izan baitu. Guztia jarri da ezbaian, baita parte hartze prozesuak ere. Edozein kasutan, kezka horiek jaso egin dira, eta prozesua garatu zuten adituei pasa zaizkie. Kezka horiek txertatu daitezkeen edo ez ikusi beharko da, eta hori hurrengo legealdian ikusi beharko dugu.
Zubi Berriaren eraisteak ere sortu du kezka herritarrengan.
Ura agentziak egindako azterketak ondorioztatu du Tolosako Alde Zaharra eta herria uholdeetatik babesteko neurri eraginkorrena izango litzatekeela Zubi Berria aldatzea. Guk bezala, edozein arduradun politikok baiezkoa eman beharko luke, arduragatik. Beste gauza bat estetikari dagokiona da. Kezka hori jasota udalak Ura agentziari eskatu dio proiektua berraztertzeko, Tolosako irudi edo paisaia urbanistikoari eragin txikiagoa egiteko. Urak gure proposamena onartu du, eta behin prest dagoenean herritarrei aurkeztuko zaie.
Zein proposamen egiten duzue etxebizitza politikari lotuta?
Guretzat estrategikoa da etxebizitzaren gaia. Sei lan lerro identifikatu ditugu. Amarotzen etxebizitza babestuak alokairuan eraikitzea, 296 etxebizitza denera, %65 babestua eta alokairuan. Bigarrena Iurramendiko eremua da; udal jabetzako partzela dago hor eta 15 etxebizitza eraikiko ditu udalak alokairura bideratuta, gazteei begira; legealdi honetan landu diren hiru lerro sendotu nahi ditugu: etxebizitza hutsak alokairu babestuan jartzea, alokairua ordaintzen laguntzeko diru laguntzak eta Udaten etxebizitzak espazio propioa izatea.
Azken datuek erakutsi dute euskararen kaleko erabilerak bigarren aldiz gainditu duela %50eko langa Tolosan. Zer proposatzen duzue datu horretan aurrera egiteko?
Tolosarren, eragileen eta erakundeen lanketaren ondorio dira emaitzak, eta poztekoa da. Guk Tolosa euskaldun eta euskaltzale bat nahi dugu, eta hori bultzatuko dugu, beti bezala. Euskararen aholku kontseilua, Euskararen Mahaia, Galtzaundi, Uema...guztion artean euskararen aktibazio soziala bultzatu behar dugu. Bestetik, lehen esan moduan, Iturritza jauregian euskararen etxea irudikatzen dugu, esaterako, bertan, euskaltegia, Galtzaundi edota Uema kokatuz.