Araxesko XIV. Itzulia egingo da larunbatean

Imanol Garcia Landa 2023ko mai. 24a, 16:00

Orain sei urte izan zen aurreko Araxesko Itzuliaren edizioa. Irudian, edizio hortako bi parte hartzaile.

Amarozko Mendi Elkarteak mendi martxa berreskuratu du. Bi ibilbide izango ditu: 44 kilometro luzeak eta 26 kilometroko motzak.

Aurten Amarotz auzoak 50. urteurrena beteko du, eta data hori aprobetxatuz, Amarozko Mendi Elkarteak berreskuratu egin du Araxesko Itzulia. Aurten hamalaugarren aldia izango du mendi martxak eta aurrekoa 2017an egin zen. Xabier Karrera antolakuntzako kideak azaldu duenez, «hemendik aurrera bi urtez behin antolatzen saiatuko gara, aurretik egiten zen moduan».

Bi ibilaldi mota izango ditu Araxesko XIV. Itzuliak. Batetik, ibilaldi luzea, 44 kilometro ingurukoa, eta ibilbide motza, 26 kilometro ingurukoa. Ibilaldi luzeko ibilbidea ondokoa izango da: Amarotz, Altzo, Otsabio, Añi, Zarateko Lepoa, Azkarate, Arribe, Santa Barbara, Gorriti, Ulizar, Uli, Gaztelu, Leaburu eta Amarotz. «Ohiko ibilbidea izango du, eta baliagarria izango da Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuiturako», esan du Karrerak. Ibilaldi motzeko ibilbidea, berriz, ondokoa izango da: Amarotz, Altzo, Otsabio, Añi, Altzo eta Amarotz.

Larunbat honetan egingo dira bi probak, eta irteera eta amaiera Amarozko auzo etxearen aurreko plaza estalian izango da. Ibilaldi luzea egingo dutenak 07:00etan abiatuko dira, eta ibilaldi motzekoak 08:00etan.

Izena emateko Zirkuitua.com webgunean sartu behar da, eta ibilbide luzekoek 13 euro eta motzekoek 10 euro ordainduko dute. Egunean bertan ere izena eman daiteke, irteerako gunean, eta modu horretara bi euro gehiago ordaindu beharko da.

Gehienez 300 pertsonarentzako lekua dute, eta atzo arratsalderako 80 ibiltarik eman zuten dagoeneko izena. «Espero dugu 150 parte hartzaileren langara iritsiko garela», esan du Karrerak. Ibiltariek otordua izango dute prest proba bukatzerakoan, eta horrez gain, hainbat produkturen zozketa ere egingo dute antolatzaileek. Kamiseta bat ere jasoko dute opari moduan parte hartzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!