Tolosa Herria lehiaketan parte hartzeko aukera

Tolosaldeko Ataria 2023ko mai. 24a, 18:00

Maiatzaren 27a bitarte parte hartu daiteke Targazkik antolatzen duen lehiaketan; ekainaren 17an egingo dute sari banaketa.

Targazkik Tolosaldeko Argazkilari Elkarteak Tolosa Herria Argazki Lehiaketa antolatu du. Tolosan argazki kultura areagotzeko helburuz eta «gure herriaren izenak oihartzuna izan dezan argazki munduan» antolatzen dute, aurten hamargarren aldia duen lehiaketa. Nahi duen herritar orok parte hartu ahalko du, eta gaia librea izango da.

Argazkiak digitalean aurkeztu beharko dira, eta bakoitzak gehienez lau aurkeztu ahalko ditu. Horretarako epea maiatzaren maiatzaren 27a izango da, eta targazki.fotogenius.es webgunearen bidez egin beharko da.

Lehiaketak hainbat kategoria izango ditu, eta esaterako, Tolosaldeko txapelduna ere izango da, bere argazki multzoan puntuazio hoberena lortzen duen bertako argazkilariarentzat. Izenak dion moduan, sariaz gain, txapela eskuratuko du. Era berean, Tolosaldeko gazteen atalari jarraipena emango diote aurten, eta hiru sari banatuko dituzte: domina eta 100 euroko balioa duen erosketa bonua lehenarentzat eta bigarren eta hirugarrenarentzat domina bana.

Bestalde, Targazkitik gogoratu dute lehiaketan hoberen sailkatzen diren hiru euskaldunentzat Argizaiola lehiaketaren sailkapenerako baliagarria izango dela.

Lehiaketaren irabazleen berri ekainaren 4an emango dute, eta ekainaren 17an egingo dute sari banaketa Tolosako kultur etxean. Aurten, gainera, merkatari elkarteari esker herriko dendetan argazkik ikusgai egongo direla nabarmendu dute.

Targazki elkarteak eskualdeko argazkilari eta argazkizale guztiak animatu ditu parte hartzera, eta lehiaketa aurrera eramaten lagundu duten Tolosako Udalaren, Tolargiren eta Tolosa&Co elkartearen babesa eskertu nahi izan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!