Jarduera fisikoan eta kirol zientzietan lizentziatua eta irakaslea da Andu Martinez de Rituerto Arregi (Lazkao, 1967). 2019an Tolosako alkate izateko EH Bilduko zerrendaburu izan zen, eta orain, lau urtez udal jarduneko esperientzia pilatuta, «herritarrek maite duten Tolosa» errealitate bilakatzeko unea dela esan du.
2019tik hona, udalean oposizioan egotea egokitu zaizue. Zein balantze egiten duzu?
Udal gobernua aldebakartasun osoz aritu da. Hasieratik elkarlanerako gure borondatea azaldu genien eta inongo momentuan ez dute gurekin lanik egin nahi izan. Informazio bilaketa etengabean aritu gara ez baitute ezertxo ere partekatu gurekin. Gobernuak zituen proiektu estrategikoen betetze maila aztertuta, ezerezean gelditu direla ikus dezakegu: Zumarditxikia berreskuratu eta bizilagunei aparkaleku aukera bermatzea, Rondilla kalearen eraberritzea, San Esteban Auzoaren garapena, emantzipazioa ahalbidetzeko alokairuzko etxebizitza parkea handitzea edo ospitale publikoa eraikitzea, besteak beste. Honez gain, udal barneko lan giroa ere aldrebestuta dago eta udal langileekin ez dute adostasunik landu hainbat gaietan.
Zeintzuk dira datozen lau urteetarako dituzuen proposamen nagusiak?
Auzotarren parte hartzea bermatzeko eta herri kohesioa handitzeko, auzo ordezkarien mahaia sortuko dugu. Alde Zaharrerako interbentzio integrala martxan jarriko dugu herritarren jarraipen batzordearekin batera. San Esteban auzoaren mantenua eta eraberritzea bultzatuko dugu. Alokairura bideratutako etxebizitza publikoko parkea handituko dugu, etxebizitza hutsak merkaturatzeko programaren bidez. Aparkamenduen arazoari konponbidea emango diogu. Azkenik, herrian energia komunitatearen sorrera bultzatuko dugu.
Azken urteetako manifestaziorik jendetsuena egin berri da Tolosan, osasun sistema publiko baten alde.
Urteak daramatzagu eragile askok eskualdean kalitatezko osasun publiko integrala aldarrikatzen. Tolosaldearen beharrei erantzungo dion ospitale publikoa defendatuko dugu beti. Gainontzeko eskualdeetan eskaintzen den arreta exijitzen dugu. Bada garaia Osasun Sailburuak gure eskualderako dituen asmoen berri eman dezan. Argitu dezala zer nolako ospitalea egiteko asmoa duten eta zer gertatuko den Asuncion Klinikarekin zein bere langileekin. Alkatetza hartu eta hurrengo egunean konpromisoa hartzen dut berari bilera bat eskatzeko, eta herritarrei batzar publiko batean gardentasun osoz egoeraren berri emateko.
Eta zein iritzi duzu Asuncion Klinikako zerbitzuari buruz?
Asuncion Klinika pribatuak asistentzia publikoa ematen du gainerako ospitale publikoen kalitatezko estandarrak bete gabe, eta ondorioz, eskualdeko herritarrok bigarren mailako osasun arreta jasotzen dugu. Mediku askok espezialitaterik gabe jarduten dute, eta askotan bereak ez diren arloetan. Hau gutxi balitz, sail batzuk medikurik gabe egon dira denbora luzez. Izan ere, behin espezializazioa eskuratu edo homologatuta, medikuek klinika utzi izan dute. Ospitale publikoak baino langile ratio baxuagoak ditu. Klinika, ingeniaritza fiskalaz eraikitako enpresa sare konplexua da. Enpresa nagusiak, Invizak, 4 milioi eurotik gorako zorrak ditu Ogasunarekin eta Aldundiarekin.
Bertako langileek lanuzteak hasi dituzte. Zein iritzi duzu?
Gaur egun, eskualdeko ospitale lanak enpresa pribatu batek egiten ditu, diru publikoa erabiliz etekinak lortuz, beti ere zerbitzuaren eta bertako langileen lan baldintzen kaltetan. Klinikako langileen hainbat lan baldintza beste eskualdeetako langileenak baino okerragoak dira, eta horrek, langileek beren onena eman arren, eragina du arretan. Arreta publikoa ematen duten heinean, langile publikoen baldintza berdinak izan beharko lituzkete, baita lan esperientzia kontuan hartua izatea ere, eta hori lortzeko abiatu duten borroka zilegi da.
Pil-pilean dago ere Usabal kiroldegiko langileen greba. Nola ikusten duzue afera?
Langile guztien lan baldintza duinak aldarrikatzen ditugu, baita Usabal kiroldegikoenak ere. Espero dugu bi aldeak asebeteko dituen akordioa lortzea berandu baino lehen. Udal gobernuak, gure iritziaren kontra, 10 urtetarako emakida bat atera zuen lehiaketara. Beste kontratu mota batzuekin udalaren esku-hartzea posiblea izango litzateke; honekin udalak ez du ezer egiterik, enpresaren esku utzi baita dena.
Alde Zaharreko hainbat bizilagun biltzen hasi dira eremuaren egoeraz eta etorkizunaz kezkatuta daudelako. Zein irakurketa egiten duzue?
2019an Alde Zaharrean hainbat interbentzio egitea proposatu genuen, urbanistikoak eta etxebizitzei, lokal hutsen berreskurapenari eta komertzioa suspertzeari begirakoak; legealdi hasieratik Alde Zaharrean interbentzio integrala egiteko beharra jarri dugu mahai gainean behin eta berriz. Bizilagunen kezkak errealak dira eta denon artean soluzioak bilatu behar ditugu. Zalantzarik gabe, legealdiko proiektu estrategikoetako bat izango da guretzat.
Bertako denda asko ari dira desagertzen ere. Baduzue proposamenik egoera hobetzeko?
Eremu askotatik heldu behar diogu arazoari: herritarren kontzientziazioa, lokal hutsen sustapena, merkataritzarako laguntzak, aparkalekuen gaia, erosketa joera berrien azterketa edo belaunaldien arteko erreleboa. Tolosa gastronomiarekin lotzeko egin den tankerako esfortzua egin behar dugu eskaintza zabala duen merkataritza-gunearen ideia garatzeko. Jendea Tolosara erosketak egitera erakarri behar dugu.
Alde Zaharreko bizilagunen eskaerek lotura zuzena dute Zumarditxikiaren birgaitze proposamenarekin. Ze iritzi duzu proiektuaren inguruan, eta zein da zuen nahia?
Zumarditxikiko proiektua estrategikoa zen gobernu akordioan eta bertan argi eta garbi jaso zuten lehendabizi aparkalekuen gaiari irtenbidea eman ondoren helduko ziotela eremuaren eraberritzeari. Legealdi osoan zehar ez diote gaiari heldu eta proiektua mahai gainean zela hasi dira aparkalekuen gaia argitu nahian.
Proiektuarekin zein hau egiteko eraman den prozesuarekin ez gaude ados. Herritarron parte hartzea ez da behar bezalakoa izan eta mahai gainean jarri den proiektuak ez du errespetatzen eremuak duen ondare historiko-kulturalaren izaera. Bere izaera errespetatuko duen interbentzio arina egitearen aldekoak gara.
Eta Zubi Berriaren eraisteari eta berria eraikitzeari buruz, zer duzu esateko?
Harrigarria da ez oposizioari ez herritarrei aldez aurretik inongo informaziorik eman gabe horrelako erabaki baten berri ematea. Urak 2016ean argitaratu zuen uholde-arriskuari aurre egiteko proposamen sorta biltzen zuen txostenean Tolosari eragiten zizkion hainbat neurri aipatu zituen, tartean Zubi Berria eraistea. Zergatik ez zen informatu orduan? Gaia gardentasunez landu izan balitz, ziurrenik gaur ez geundeke gauden egoeran. Une honetan, uholde-arriskua murrizteko aukera guztiak aztertu behar dira; eraistea azken aukera izan beharko litzateke. Tolosa herri ekintzailea eta kritikoa da eta ziur naiz azken urteetan irtenbide ugari proposatuko zirela.
Eta zein proposamen duzue etxebizitza politikari lotuta?
Funtsezkoa da alokairura bideratutako etxebizitza parke publikoa handitzea; hori ditugun etxebizitza hutsak merkaturatuz egin daiteke. Esfortzu bat egin behar dugu. Une honetan Tolosan 300 etxebizitza huts ditugu eta datozen urteetan etxebizitza hutsen kopuruak gora egingo du. Zentzu handiagoa du duguna birgaitzeak eta duintzeak, promozio berriak egiteak baino.
Euskararen kaleko erabilerak bigarren aldiz %50eko langa gainditu du Tolosan. Zer proposatzen duzue datua mantendu edota hobetzeko?
Datu pozgarria bada ere, buru belarri jarraitu behar dugu lanean. Demografia aldatzen doa eta kanpotik geroz eta jende gehiago etortzen da. Esfortzu handia egin behar dugu horien integrazio sozial, kultural eta linguistikoa bermatu dadin. Euskara ikasteko erraztasunak eman behar dizkiegu eta eskolaz kanpoko jardueretan, euskaraz izan beharko luketenak, parte hartzeko aukera erreala bermatu behar diegu, maiz jarduera hauen kostu ekonomikoagatik, integraziorako behar handiena dutenak kanpoan gelditzen dira eta.
Esango al zenuke gainerako alderdien ezaugarri positibo bana?
Hauteskunde giro honetan zaila da ezer ona esatea, lokatzetan sartu nahi gaituzte denok, baina gu arazoei soluzioak emateko eta zubiak eraikitzeko gaude. Tolosako hautagaiei buruz, berriz, egin nezake. Xarles eta Joxe Mari pertsona edukatuak eta gertukoak dira; harreman pertsonal ona dut biekin.
Zer egiten duzu politikaz deskonektatzeko?
Zaila da politikaz deskonektatzea, guztia politika denean. Hala ere, nire aisialdian irakurtzea dut gogoko, nahiz eta azken urteetan irakurtzen dudan gehiena herritarron bizitzei eragiten diguten gaien ingurukoa izan. Bestela, ekintza kulturaletara joaten naiz, eta mendian egin daitezkeen jarduera guztiak ditut gogoko. Seme-alaben txapelketak direla eta, atletismoak ere toki nabarmena hartzen du nire denbora librean.