Tolosako Hezkuntza Mahaia abiarazteko bilera, maiatzaren 30ean

Ataria 2023ko maiatzaren 23a

Tolosako Hezkuntza Mahaiak kultur etxean egindako saio bateko irudia. TOLOSAKO UDALA

Herriko eragileei zuzendutako bilera izango da, 17:30ean, kultur etxean. Aurreko saioetan hitz egindakoak errepasatu eta lanean hasteko kronograma bat diseinatuko dute.

Tolosako Plangintza Partekatua 2017-2027 dokumentu estrategikoak, herri hezitzaile eta ireki bat sustatzeko ildo estrategikoarekin batera, Hezkuntza Mahai bat martxan jartzeko proposamena jasotzen du, eragileen artean koordinazioa sustatzeko, hezkuntzako erronkei erantzuteko eta baliabideen osagarritasuna lortzeko.

Hori horrela, 2022ko urrian zein azaroan saio ireki bana egin zuen Tolosako Udalak, Emun Aholkularitza enpresaren gidaritzapean, Hezkuntza Mahaia sortu eta martxan jartzeko. Orain, saio eta lanketa horiei jarraipena eman eta Tolosako Hezkuntza Mahaia abiarazte aldera, beste saio ireki bat deitu du udalak datorren maiatzaren 30ean, asteartea.

Bilera kultur etxean izango da, 17:30ean, eta hezkuntza formaleko eta ez formaleko herriko eragileei zuzenduta egongo da. Saio horretan, aurreko saioetan lehenetsitako erronkak errepasatu eta 2023an landuko direnak zehaztuko dituzte. Ondoren, kronograma bat diseinatu eta talde txikiak sortuko dituzte, lanean hasteko. Halaber, Hezkuntza Mahaiaren funtzionamendua ere landuko dute, beste behin, Emun Aholkularitza enpresaren gidaritzapean.

Hezkuntza arloaren herri ikuspegia indartu, eragileen arteko koordinazioa eta komunikazioa hobetu eta bisio partekatu bat eraikitzeko gunea sortzea dira Hezkuntza Mahaiaren helburu nagusiak, udala herrira zabaltzeko eta hezkuntza komunitatea kohesionatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!