ELKARRIZKETA

«Idazteko, orain arte, obra zailena izan da; eta baita antzezteko ere»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko mai. 26a, 07:59

'Post datarik gabeko gutunak' antzezlanaren gidoilaria eta antzezlea da Kepa Errasti. A. ARROYO

«Bakarrizketa lagundua», horrela definitu du Kepa Errastik (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1981) Xake produkzioak ekoiztetxearen obra berria: Post datarik gabeko gutunak. Berak ondu du lana, eta berak gorpuzten du Mikel protagonista; baina, ez da bakarrik arituko, Nerea Ariznabarreta izango baitu oholtza-kide.

Badu berezitasun bat, ordea, Ariznabarretak ez du hitzik egiten antzezlan osoan. Kartzelan bost urtez egon da protagonista, eta denbora horretan igorle misteriotsu baten gutunak jasotzen aritu da. Orain, itxialdia amaitzeko ordubete falta zaiola, azken eskutitza geratzen zaio irakurtzeko. Getari Etxegarairen gidaritzapean osatu dute lana, eta hainbat gai jorratu dituzte, besteak beste, bakardadea eta norbere buruarekin gustura egotea.

Gaur iluntzeko zortzietan aterako da lehenez argitara Post datarik gabeko gutunak antzezlana, Tolosako Leidor antzokian.

Nolako istorioa topatuko dute antzokira joaten direnek?

Gustatzen zait deskribatzea ikuskizuna bakarrizketa lagundua bezala. Gidoia nik idatzi dut, baina, Mikelek, protagonistak, jasotzen dituen gutun horiek beste pertsona batek idatzi ditu: Iñigo Legorburuk. Bakarrizketa lagunduarena gutun horietako batean azaltzen den termino bat da; gaur egun, ez dago obran idatzitako guzti horiek ez direlako osorik azaltzen, baina, erabaki nuen oso termino polita zela deskribatzeko zer den Post datarik gabeko gutunak. Ikusleak, beraz, aurkituko du bakarrizketa lagundu bat, non pertsona bakarrak hitz egiten duen, baina, ez den bakarrizketa. Jendeak ez du topatuko stand up comedyn, zutikako komedian, ikusten dugun moduko bakarrizketa. Mugimendu handia duen obra bat da, eta hitzik egin ez arren, Mikelek beste pertsonaia horrekin interakzio handia izango du.

Nori dago zuzenduta antzezlana?

Jende guztiari, baina, bereziki, agian, identifikatuta sentitu ahal izango da adin batetik aurrerako jendea. Espero dut jende gehiagorengana ere iristea, eta gazteagoak ere identifikatuta sentitzea, baina, nik uste jorratzen diren gai batzuk presenteago ditugula adin batetik aurrerako norbanakoak.



Zer kontatu nahi duzue?

Kartzelarena aitzakia bat da. Hitz egiten da pixka bat aldaketa potente bat bizitzera doan pertsona bati buruz, zeinak badakien aldaketa hori iristear dagoela. Eta egoera horretan zein beldur sortzen zaizkigun, zenbateraino ohitzen garen orain arte ezagutzen dugun bizitzeko modu horretara... Horrez gain, bakarrik egon den pertsona hori nola ohitu daitekeen bakardade horretara. Eta ez hori bakarrik, baita ere nola askotan balore handiagoa ematen diogun kanpoko begirada bati, norberaren begiradari baino; horregatik daude gutunak ere hor. Esan dezagun dela krisi momentu batean dagoen pertsona bat, eta ikusiko dugu nola egiten dion aurre horri. Berak badaki datorkiona bizitza hobea izango dela, baina, hala ere, zalantza egiten du, beldurra ematen baitio puskatze horrek.

Zerk egiten du berezi?

Sorpresa asko dituen antzezlan bat da. Ez dakit noizbait ikusi dudan bakarrizketa bat izan arren, bi aktore dituen obra bat, eta bi horien arteko interakzioa duena. Interesgarria da nolako elkarrizketa duten pertsonaia mutu batek eta hitz egiten duen beste batek. Istorio polit bat da, eta ondo pasatzeko aukera ere ematen du. Xakeko aurreko lanetan bezala, umorea mantendu nahi izan dugu, eta nahiz eta gai sakonak jorratzen diren, oso kontziente ginen, askotan, gai sakon hauek astunak izan daitezkeela, eta aire pixka bat eman nahi genion. Ez nuke esango umorezko obra bat denik, baina, umorea badago.

Prestatzea ez zen erraza izango.

Idazteko, orain arte, obra zailena izan da; eta baita antzezteko ere. Denbora errealean gertatzen den zerbait da; hau da, Mikel pertsonaia kartzelatik ateratzear dago, ordubete geratzen zaio itxialdi hori amaitzeko, eta denbora hori eskainiko dio idazten aritu zaion igorle misteriotsuari. Bere buruari buruzko gauzak kontatzen hasiko da, baina, gertatzen zitzaidan oso narratiboa geratzen zela, oso planoa, oso lineala. Ordubetean eta leku horretan ezin dira gauza asko gertatu, itxita dagoelako. Erronka izan da nola arindu linealtasun hori: batetik, idazteko orduan; eta, bestetik, antzezterakoan ere bai. Nola txertatu bizitasun pixka bat eszenan bertan, hori izan da zailena. Getarik kristoren lana egin du horretan; bueno, guztiok, azkenean, oso talde lanean egiten dugun gauza bat baita.

Nerea Ariznabarreta duzu oholtzan lagun. Nolakoa da zuen arteko elkarlana?

Nerea oso eskuzabala izan da zentzu horretan. Obra lantzen hasi ginenean berarentzat oso gogorra izan zen, pisu guztia nire pertsonaiaren gainean baitago. Gainera, idazterakoan beste zailtasun bat izan zen, aurretik aipatutakoez aparte, nola eman lekua pertsonaia mutu bati; kosta egiten zitzaidan ikustea. Gogoan dut proiektua proposatu genionean esan niola: «Nerea, hasieran nahiko gogorra izango da zuretzat. Getari, batez ere, nirekin egongo da, oraindik ez dakigulako oso ziur zein leku izango duen zure pertsonaiak». Garbi genuen leku handia izango zuela, baina ez genekien zehazki nola. Hasieratik garbi genuen musika izango zuela, baina, hori zen argi genuen gauza bakarra. Gainerako guztia pixka bat eraikitzeko zegoen.

Eta nolakoa da pertsonaien arteko harremana?

Pertsonaien arteko harremana nahiko bitxia da. Nerearen pertsonaia irudizkoa da, Mikelek sortu du bere buruan konpainia pixka bat izateko. Asko maite dute elkar, baina, Nerearen pertsonaia, Bakarne, nazkatuta dago Mikelekin. Lau urtez aguantatu du hizketan, eta kokoteraino dago. Antzezlanaren hasieran azken gutun bat dago, zeina Mikelek oraindik ez duen irakurri, eta azkena da, atera aurretik. Badaki segur aski gutun horretan misterio guztia argituko dela, eta atzeratzen dabil momentu hori. Bakarnek, berriz, behin eta berriz esaten dio: «Irakur ezazu behingoz gutun hau, faborez. Eta utz nazazu bakean» [Barrez]. Harreman tirabiratsua daukate, baina esan dezagun, ondo moldatzen direla.

Gaur estreinatuko duzue Leidor antzokian. Nola sentitzen zara?

Momentuz lasai. Hainbeste konturekin ibili garenez, ez naiz oso kontziente estreinaldia gainean daukagunik. Idazteko zailena izan denez, jakin-mina dut ea jendeak zer jasotzen duen; ikusle batzuk izan ditugu eta erantzuna polita izan da. Oso gogotsu estreinatzeko eta gero ea ateratzen diren emanaldi gehiago. Momentuz, oso gutxi dauzkagu; udazkenera begira baten bat, baina, gutxi.

 

«Bat-batean bururatu zitzaidan bakardadeari buruz hitz egiten duen bakarrizketa bat ideia kuriosoa izan zitekeela»



Gai sakonak lantzen dira obran, eta ez da lehen aldia. Zergatik hautu hori?

Ez nago oso ziur. Erronka banuen bakarrizketa ezberdin bat egiteko, bai idazle, bai antzezle bezala. Bat-batean bururatu zitzaidan bakardadeari buruz hitz egiten duen bakarrizketa bat ideia kuriosoa izan zitekeela. Azkenean, gai gehiago ere ateratzen dira, baina, pixka bat etorri zen bakardadeari buruz hitz egiteko behar edo gogo horretatik. Buelta asko ematen dizkiodan gai bat da, eta obran esaten da askatasuna eta bakardadea zenbateraino diren eskutik emanda doazen bi gauza; askotan, askatasun nahi horretan kondenatuta zaude bakarrik egotera. Gai nahiko filosofikoak ziren; agian adina izango da… Oso presente dago, baita ere, norbere buruarekin gustura egote hori, eta zenbateraino oinarritzen garen kanpoko begirada horretan; bakardadea ere horrekin oso lotuta dagoen zerbait da, azkenean, bakarrik zaudenean zeure buruarekin egon behar baituzu. Horrez gain, eta hau ez da antzezlanean lantzen, baina, gaur egun, sare sozialekin-eta kanpo begiradaren menpe bizi den gizarte bat bihurtzen ari gara; baina, era berean, geroz eta gizarte bakartiagoa ere bada, geroz eta indibidualagoa, alegia. Zer pentsatua ematen didaten gaiak dira.



Umoretik lantzen dituzue gai sakonak. Nondik dator ideia?

Xakeren laugarren lana da hau. Ekoiztetxea sortu zen nik diru laguntza bat eskatu nuelako obra bat idazteko: Mami Lebrun. Horrela animatu ginen Xabier Ormazabal eta biok ekoiztetxea sortzera eta obra agertokietara eramatera. Hasi ginen begiratzen ea nork zuzendu zezakeen eta bat-batean Ane Pikaza aktoreak esan zidan bazegoela neska bat: Getari Etxegarai. Nik izenez ezagutzen nuen, eta jarri ginen berarekin harremanetan, gurekin lanean hasi zen eta oso ondo elkar ulertu genuen. Binomio horretatik sortutako zerbait izan da umorearena. Gogoan dut Mami Lebrun lanetik hasi zela; Getarik esaten zuen: «Hemen umorea falta da; umorea behar dugu». Bion arteko edo taldean egiten den lanketa horretatik atera da umore puntu hori. Obra batzuk komikoagoak izan dira. Fadoak entzuten zituen gizona izan da orain arte egin dugun gauzarik komikoena, nahiz eta lantzen zituen gai sakon batzuk ere. Beraz, komedia-komedia aurreko hori izan zen; baina badituzte umorezko zertzelada batzuk bai Mami Lebrunek, bai Lurek, bai azkeneko honek.

Zerorri zara obraren egilea, eta baita antzezleetako bat ere. Nolakoa da idatzitako pertsonaia baten azalean sartzea?

Pixka bat arraroa da. Jakina, nahi edo ez, asko hurbiltzen da zugana. Asko kostatzen zait urruntzea edo pertsonaia bat sortzea niretzat nik idatzitako obra batean. Batez ere, nigan pentsatzen hasten banaiz zuzenean nik hitz egiten dudan moduan hitz egiten imajinatzen dudalako edo nik esango nituzkeen gauzak esaten… Antzezle bezala beste batzuen lanak egin izan ditudanean, horietan kanpotik sartzen naizenez, eraiki behar den pertsonaia hor dago; baina, kasu honetan alderantziz denez, kuriosoa da. Gustatuko litzaidake gaitasun handiagoa izatea nigandik urrunago dagoen pertsonaia bat eraikitzeko, baina, momentuz, ez da gertatu. Nahiz eta pertsonaia horiek bizitzen dituzten egoerak ez izan nik bizitakoak, badago gertutasun bat; eta interesgarria da, era berean, zure ahotsa ematen baitiezu pertsonaia horiei. Polita ere bada, zuk esan nahi dituzun gauzak kontatzeko aukera ematen baitu.

Zenbat dute sortutako pertsonaiek Kepa Errastitik?

Esandakoa, asko. Saiatzen naiz beste egoera batzuk bizitzen dituzten pertsonaia batzuk idazten, baina, oraingoz, behintzat, asko dute. Gainera, Getari eta biok hain ondo ezagutzen dugu elkar [Barrez]. Berak ere badaki nondik joko dudan.

Zer da antzerkia zuretzat?

Agian, oso ikuspuntu neurekoi batetik izango da, indibidualista edo... Oso bat doa obrarekin [Barrez]. Nire ezinegonak eta esateko ditudan gauza horiek guztiak plazaratzeko modu bat bezala da. Polita da, era berean, nola jendea identifikatuta sentitu daitekeen zuk zeuk dituzun ezinegon batzuekin. Niretzat horretarako tresna bat da. Ez dut ezeren banderadun izan nahi, ezta aholkulari ere, baina, jendea identifikatuta sentitze hutsa oso polita da. Horrez gain nire ogibidea da, eta oso zorteduna eta pribilegiatua sentitzen naiz, asko gustatzen zaidalako eta asko disfrutatzen dudalako; hori ez da beti gertatzen.

 

«Nire ezinegonak eta esateko ditudan gauza horiek guztiak plazaratzeko modu bat bezala da»



Zer eskatuko zenieke antzezlana ikustera doazenei?

Utz daitezela eramaten. Sar daitezela proposatzen dugun unibertso horretan, eta etor daitezela pixka bat begirada ireki batekin; obran ezer ez baita ematen duena [Barre txikiarekin].

Aurrera begira, zein beste emanaldi dituzue?

Momentuz estreinaldia daukagu, gaur, Tolosan. Gero, Donostian egongo gara azaroaren 25ean eta 26an, Gazteszenan; eta Barakaldon, urtarrilaren 12an. Espero dugu tartean gehiago ere ateratzea. Momentuz, gu ere geldi samar ibili gara, eta suposatzen dut estreinaldia eta gero arrankatuko duela, baina, nik uste, gehientsuenak 2024eko lehen erdian aterako direla.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!