Euskadiko autore-hanburgesen lehen lehiaketak baditu irabazleak

Leyre Carrasco 2023ko mai. 21a, 15:15

Hanburgesa tradizional onenaren saria Getxoko harategiko Haritza Gabiriarentzat izan da, eta hanburgesa berritzaile goxoenaren saria, berriz, Barakaldon dagoen Ricardo harategiko David Vicok jaso du.

Aurten, Tolosa laugarren aldiz bilakatu da okelaren erdigune, baina zenbait berrikuntzarekin tartean. Izan ere, goizean Euskadiko autore-hanburgesen I. Lehiaketa ospatu dute Zerkausian. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Harakinen Elkarteek antolatu dute ekitaldia, eta bertan, bi kategori ezberdinetako, hanburgesa tradizionala eta hanburgesa berritzailea, hanburgesa onenak zein harategik ekoitzi dituen jakin da. 

Hanburgesa tradizionaleko lehen saria Getxoko harategiko Haritza Gabiriak jaso du. Bigarren saria Donostian dagoen Bengoetxea harategiko Jose Ignacio Bengoetxearentzat izan da, eta hirugarrena, berriz, Erandioko Ondubai harategiko Jon Ander Zornotzak eraman du. Hanburgesa berritzaileari dagokionez, Barakaldon dagoen Ricardo harategiko David Vicok jaso du lehenengo saria. Usurbileko Otar Goxo harategiko Patxi Iparragirre sailkatu da bigarren, eta Gasteizko Santi harategiko Agustin Fernandez izan da hirugarren saria jaso duena.

Lehiaketara gerturatu diren herritarrak hanburgesak dastatzeko aukera ere izan dute.

Horrez gain, Zerkausia erretegi bilakatu da. Izan ere, 2019tik ospatu gabe egon den Txuleta Festa berreskuratu dute aurtengoan, eta goiz osoan zehar bertako erretegien menu tradizionala dastatzeko aukera izan da. Tolosako estilora jendaurrean erreko den txuleta izan da plater nagusia, Casa Julianeko 3 Gorrotxategi anaiek errea. 

Zumarditxikia foodtrucken gune

Haragi Fest izena hartu du asteburu honetan Zumarditxikiak, eta hala gozatu dugu lau egunez. Hainbat foodtrucken proposamen gastronomiko goxoenez dastatzeko aukera izateaz gain, kontzertuak ere izan dira bertan, eta gaur azkenekoz izango da martxan. Txaston Dixie Band-en zuzeneko musikak girotu du gunea goizean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!