Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

«Akordio batera iristeko gure nahia argia da»

Ataria 2023ko mai. 19a, 16:00

Tolosako kiroldegiko langileek greba mugagabean jarraitzen dute, eta dagoeneko ia bi aste daramatzate egoera horretan.

«Azken aste eta hilabeteak oso gogorrak izan dira guretzat», azaldu dute Tolosako kiroldegiko langileek Usabalgo kiroldegi aurrean egindako agerraldian. «Azken hitzarmenaren negoziaketa hau ez da erraza izaten ari. Lehen aldiz grebara jo behar izan dugu, eta jada ia bi aste goaz greba mugagabean. Ez da erraza izan erabakia hartzea, baina negoziaketan ikusitako utzikeriak honetara ekarri digu».

BPXport enpresak azpikontratatuta lan egiten duten langileek kiroldegian beraien jarduna «askotariko baldintzetan» burutzen dutela diote. Lanaldiari dagokionean batzuek lanaldi osoa dute, baina gehiengoek lanaldi partzialeko kontratuak dituzte. «Ordutegiak direla eta lan hau beste batzuekin bateraezin bilakatzen du. Askotan goizeko lehen ordutik arratsalde bukaera arte lan egin behar izaten dugu, gure lanaldia hobetzeko. Gure lanaldiak handitze aldera kategoria desberdinetako lanak burutzen ditugu, horrek gure soldatetan duen eraginarekin», zehaztu dute. «Asko gara hilabetetik hilabetera zer kobratuko dugun ez dakigunak. Hilabetero ordu gehiago sartu nahi ditugunak. Dena gure lanean egonkortasuna eta bizi proiektu bat aurrera eramateko bermeak topatzeko helburuarekin».

Azken bi asteetan negoziaketa bilera bat baina gehiago izan duten arren, ez dutela egoera desblokeatzerik lortu azaldu dute: «Bilera desberdinak izan dira, enpresarekin, udalarekin, hiru aldeak elkarrekin... baina ez dugu gatazkari irtenbidea ematerik lortu».

Gatazka hiru puntutan korapilaturik dagoela diote: «Soldatetan KPIarekiko eguneraketa, kategoriak eta bete beharreko funtzioak, eta saioen prestakuntza denbora eta lan ordu errealen aitortza». Hiru puntuetan azken egunetan «alde sozialetik» mugimenduak egin dituztela diote, «akordio batera iristeko helburu argiarekin». Enpresaren aldetik apirilaren 25ean izan zutela azken proposamena azaldu dute; «ordutik ez dira mugitu». «Badirudi ez daukatela gatazkari irtenbidea emateko inongo intentziorik. Gure aldetik formula desberdinak proposatu ditugu KPIaren eguneraketaren bermea enpresarentzat erosoa izan zedin, baina egindako proposamen orori muzin egin dio enpresak. Gainontzeko puntuetan ere mugimendu handiak egin ditugu eta hainbat eskakizun alde batera utzi ditugu akordioa egon zedin».

Langileek gaineratu dutenez, «akordio batera iristeko gure nahia argia da, eta egindako mugimendu oro hori lortze aldera egin dugu. Gure aldetik ez dugu egoera hau behar baina gehiago luzatu nahi, bai gu eta baita erabiltzaile asko ere egoeragatik oso kaltetuak izaten gabiltzalako». Azpikontratatuta izateak suposatzen dienaren inguruan ere hitz egin dute: «Azpikontratatuta gaude, eta hau udalak hartutako erabaki politiko bat da. Ez gaude prest kontratu edo enpresa aldaketa bakoitzak gure lan baldintzen okertzea ekarriko duela onartzeko. Kontratu aldaketak ez luke langileen baldintzetan inolako ondoriorik izan beharko. Kontratuen esleipenetan izandako arazo eta atzerapenak ez lukete ez langileengan ez zerbitzuan eragin negatiborik izan behar». Zerbitzu publiko azpikontratatuetan «lan baldintza duinak behar beharrezkoak dira kalitatezko zerbitzu bat bermatu ahal izateko eta hau udalaren ardura da», azaldu dute.

Greba mugagabeak sortzen duen eraginaren inguruan ere hitz egin dute: «Jakin badakigu baita ere gure grebak herriko kirolari askori eragiten diela, eta baita ere kirol klub eta norbanako erabiltzaile askori. Ulertzen dugu euren atsekabea, baina kirol zerbitzu onenak izateko asmoz egiten ari gara greba. Lan baldintza onak izatea lan taldearen egonkortasuna dakar, eta horrek, gure iritziz, zerbitzu hobea eskaintzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!