Tolosaldea IKT igeriketa taldeak Tri Kanpusa antolatu du udarako

Ataria 2023ko mai. 19a, 19:59

Ekainaren 26tik uztailaren 28ra bitarte izango da, 7 eta 13 urte bitarteko haurrentzat. Tolosa inguruko natur gune desberdinetan egingo dituzte jarduerak.

Tolosaldea IKT igeriketa taldeak, beste urte batez, Tri Kanpusa triatloi campusa antolatu du udarako. 7 eta 13 urte bitarteko haurrentzat izango da eta triatloiaren oinarriak landuko dituzte, hala nola, bizikleta gaineko abileziak, ur jolasak, trantsizioak, mendi irteera eta triatloi txikiak. Tolosa inguruko natur gune desberdinetan egingo dituzte jarduerak.

2023ko kanpaina ekainaren 26tik uztailaren 28ra bitarte luzatuko da, eta 5 asteko txandatan antolatuko dute, parte hartzaile bakoitzak hobekien datorkion formatuan izena eman dezan. 9:00etatik 13:00etara izango dira saioak. «Tolosako nahiz inguruko herrietako haurrek aukera ederra izango dute kirola eginez gozatzeko», azaldu dute. Prezioari dagokionez, astebeteko txandan izena ematen dutenek 64 euro ordaindu beharko dute; bi asteko txandan izena ematen dutenek, berriz, 110 euro.

Izena eman edo ikastaroen inguruko informazio osagarria jaso nahi dutenek mezu bat bidali behar dute teknikariak@tolosaldeaikt.eus helbide elektronikora, edo bestela, 688 807 405 telefono zenbakira deitu behar dute. «Dugun egoera ikusita, ez dakigu Usabal kiroldegian sartzeko aukerarik izango dugun, baina kiroldegiarekin edo gabe martxan jarraituko dugu!», esan dute igeriketa taldeko ordezkariek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!