EH Bilduk irabaziko luke Tolosan, EITB Focusen arabera

Ataria 2023ko maiatzaren 19a

Koalizio abertzaleak duela lau urte baino zinegotzi bat gehiago izango luke; EAJ, berriz, zortzi zinegotzi izatetik zazpi izatera pasako litzateke. PSE-EEk orain duen zinegotzi bakarrari eutsiko lioke.

EITBk maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako Hego Euskal Herriko hiriburuetako eta zenbait hiri eta herri nagusietako Gizakerrek egindako EITB Focus makroinkesten emaitzak (boto-asmoarenak) kaleratu berri ditu, tartean, Tolosakoak. Zenbait herritan aldaketak egon daitezkeela iragarri dute, eta herri horietako bat da Tolosa. Izan ere, EH Bilduk irabaziko lituzte hauteskundeak, gehiengoa lortuz, eta horrenbestez, 2015ean EAJk irabazi zuen alkatetza berreskuratuko luke.

Hain justu, Andu Martinez de Rituerto buru duen koalizio abertzaleak 7 puntuko hazkundea izango luke bototan (2019an, %41,7; 2023an, %48,6), eta 9 zinegotzi lortuko lituzke, orain dituenak baino bat gehiago.

Datuen arabera, Xarles Iturbe buru duen Eusko Alderdi Jeltzaleak lau puntu egingo luke behera (2019an, 43,8; 2023an, %39,5), eta 8 ordezkari izatetik 7 izatera pasako litzateke.

PSE-Euskadiko Ezkerrak eutsi egingo lioke bere zinegotzi bakarrari; hala ere, behera egingo luke bototan (2019an, %7,3; 2023an, %6,1).

Azkenik, Elkarrekin-Podemos eta PP alderdiek ez lukete zinegotzirik lortuko, duela lau urte bezala, eta gainera, hauek ere behera egingo lukete bozka kopuruan: Elkarrekin-Podemosek 2019an %5,2, eta 2023an %3,9; alderdi popularrak 2019an %2,1 eta 2023an %1,2.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!