«Orion gertatu dena denon arazoa da»

Tolosaldeko Ataria 2023ko mai. 18a, 19:58

Tolosako Asanblada Feministak deituta, asteartean Orion jazotako erailketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute Tolosako Trianguloa plazan; herritar ugari batu da mobilizaziora.

Tolosako Asanblada feministak irmoki salatu du asteartean Orion gertatutako erailketa matxista. Gizon batek emakume bat hil zuen; Euskal Herriko 2023ko lehen erailketa matxista izan zen. «Ireki da aurtengo zerrenda, eta luzatzen doa mundura emakume jaio izanagatik bizitzeko eskubidea ukatu zaien pertsonena», adierazi du asanbladak.

Samina eta elkartasuna helarazi nahi izan dizkiete eraildako emakumearen senideei. Erailketaren inguruan komunikabideetan nahiz sare sozialetan zabaldutako irudi errespeturik-gabeak eta despolitizatzaileak ere gaitzetsi dituzte: «Suminduko gara, haserretuko gara, oihukatuko dugu gure ahizpen alde, horrelako izugarrikeria bat gertatzen den aldiro, bai. Baina, badakigu hau guztia ez dela amaituko bizi dugun gizartea ardazten duen matxismoa desagerrarazi arte. Ez nahasi, hau ez baita kasu isolatu bat, tarteka gertatzen den zerbait. Oriokoa heteropatriarkatu baten baitan bizi behar izatearen ondorio lazgarri bat da. Eta, horretaz gutxiago edo gehiago jabetuta ere, emakumeok biolentziaz jositako egitura batean bizi gara».

Halaber, erailketak «errutinazko bortizkeriaren azken muturra» direla salatu dute. «Baina, gu egunero gaude arriskuan. Gizarte honen oinarriari, heldulekuei eragin behar diegu, feminismoaren irakurketei jarraituz. Nahiz eta gugan gorpuztu, Orion gertatu dena eta munduan etengabe gertatzen ari dena denon arazioa baita. Feminismoaren bideak soilik alda dezake gizarte hau errotik, eta autodefentsarako deia egin nahi dugu. Feministok batu egin behar dugu, bizitza bizigarrien aldeko apustu erradikala egiteko», gaineratu dute.

Babes zabala

Orioko gertaera salatzeko ekitaldian, Tolosako eta Tolosaldeako ordezkari politikoak nahiz Usabal kiroldegiko langileak izan dira. Azken hauek greba mugagabean daude, beraien lan-baldintzen aldeko borrokan, eta gaur ordu berean Euskal Herria Plazan egin behar zuten mobilizazioa, baina bertan behera utzi dute, Tolosako Asanblada Feministak deitutako elkarretaratzearekin bat egiteko.

Elkarretaratze gehiago

Eskualdeko herri gehiagotan ere mobilizazioak egiten ari dira. Atzo, esaterako, Tolosan bertan, Tolosaldeko Itaiak deitutako elkarretaratzea izan zen. Gaur, Ikaztegietako plazako goiko begiratokian kazelorada egin dute, 19.00etan hasita, eta Anoetan, Matraka Talde Feministak deituta, 19:30ean bildu dira herritarrak plazan. Bihar beste mobilizazio bat izango da eskualdean; Amasa-Villabona eta Zizurkil batzen dituen oinezkoen zubian elkartuko dira herritarrak, 18:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!