Gipuzkoako euskal pilota egokituaren lehia eta festa, Beotibarren

Imanol Garcia Landa 2023ko mai. 18a, 11:59

Herrialdeko XIII. Euskal Pilota Egokituko Txapelketaren finalak jokatuko dira larunbat goizean, Tolosako frontoian.

Gipuzkoako XIII. Euskal Pilota Egokituko Txapelketaren finalak jokatuko dira etzi, larunbata, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Aurten inoizko parte hartzerik handiena izan da, 29 parte hartzailerekin bi mailak kontuan hartuta, hau da, adimen urritasuna eta gurpildun aulkia.

Jardunaldia 10:30ean hasiko da eta guztira hiru final jokatuko dira. Lehenengoa adimen urritasun kategorian izango da, eta multzo gorriko bi bikoteren arteko lehia izango da: Sheila Cuetok eta Mikel Vegak aurkari izango dituzte Lander Ortega erta Leire Esnal. Bigarren finala gurpil aulkiko kategorian izango da: Hilario Olano alegiarrak eta Beñat Lizasok aurkari izango dituzte Manu Quesada eta German Elkoro. Hirugarren finalean, adimen urritasuneko multzo urdineko bi bikote ariko dira: Joseba Altuna eta Erik Gaton bikoak Eneko Sagarmendi eta Ibai Gomez bikoa izango du aurkari.

Hilario Olanok azaldu duenez, «final guztiak borrokatuak izaten dira, eta hau ere horrela izango da. Nik bikotekide ona dut eta ni neu puntu oso onean nago, konfiantza handiarekin. Ilusio handiz gaude eta saiatuko gara txapela etxera eramaten».

Beotibar pilotalekuan egin zuten atzo finalen aurkezpena, eta bertan izan ziren Blanca Aranguren Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko lehendakaria, Juan Karlos Etxeberria Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren zuzendari teknikoa, Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru aldundiko kirol zuzendaria eta Patxi Amantegi Tolosako Udaleko zinegotzia. Guztiek bat egin dute horrelako txapelketak antolatzearen garrantzia nabarmentzean, eta herritarrei dei egin diete etziko finalak ikustera joateko.

Xabier Tolosa anoetarra eta Xabier Erostarbe pilotari profesionalak ere izan ziren aurkezpenean, txapelketako finalei babesa emanez. Tolosak azaldu zuenez, «telebistaz ikusi ahal izan ditut pilota egokituko partidak, eta harrituta geratu izan naiz pilotariek duten mailarekin». Behin ekitaldia bukatuta, gurpildun aulkian pilotan jokatzeak zer suposatzen duen probatzeko aukera izan zuten bi pilotariek eta Amantegi zinegotziak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!