Tolosa CF-ren mendeurrena emanaldi batean

Imanol Garcia Landa 2023ko mai. 17a, 19:00

Joxean Orbegozok sortua, 'Ehun Tolosa' izeneko saioa eskainiko dute asteburuan zehar Berazubi estadioan.

Tolosa CF-ren mendeurrenaren beste ekitaldi bat antolatu dute asteburuan. Oraingo honetan emanaldi bat izango da. Ehun Tolosa izena jarri diote, eta Joxean Orbegozo tolosarra izan da idatzi eta forma eman diona.

Klubetik deitu zioten Orbegozori emanaldia osatzeko. Tolosa CF-ko bazkidea da, eta atleta bezala aritutakoa. Madrilen bizi da egun, eta antzezlanak idazten ditu, musikaria da, eta antzerki musikala egiten du eta hainbat proiektu ditu martxan. «Klubetik esan zidaten kirol ekitaldiez gain, bestelako ekitaldi bat antolatu nahi zutela mendeurrenaren ospakizunetarako», esan du Orbegozok. «Niri burura etorri zitzaidan Berazubin zerbait egitea, estadioaren azpiegitura baliatuz klubari buruz hitz egiteko. Eta hortik atera zen bisita antzeztu bat sortzea».

Emanaldia ez dela ohiko gidatutako bisita izango gaineratu du Orbegozok: «Pasadizo asko izango ditu, eta umorea oso presente izango da. Hori bai, informazioa ere emango da kluba fundatu zenekoa, eta baita garai hartako testuinguruari buruzkoa. Iruditzen zait estadioa eta kluba oso garrantzitsuak direla herriarentzat, eta herria, era berean, estadiorentzat eta klubarentzat oso garrantzitsua da». Behin bisita bukatuta, bertan ariko diren artistak umore ukitua izango duen istorio txiki bat antzeztuko dute.

Klubetik baiezkoa jaso zuen berehala, eta emanaldia sortzeko Tolosari buruzko liburuak eta klubaren 50. eta 75. urteurreneko liburuak irakurtzen aritu da. «Horrez gain, klubarekin harremana izan duten kirolariekin hitz egiten aritu naiz, bai klubekoak bertakoak eta baita kanpokoak ere», esan du Orbegozok.

Herriko artista profesionalekin osatu nahi zuen emanaldia eta ez zaiola batere kostatu esan du proiektuaren egileak. Aktore lanetan Amaia Ruiz de Galarreta eta Borja Bordonabe ariko dira, eta Ane Urbizu musikaria zuzenean ariko da. Emanaldia osatzeko Orbegozoren zuzendari laguntzaile moduan aritu da Izaskun Sainz.

Emanaldiak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, Berazubin, eta ordu erdi inguru iraungo dute. Doan da emanaldia eta gonbidapenak lortzeko hainbat aukera daude: 943 671 749 zenbakira deituz, aurrez aurre klubaren azpiegituretan, edota bisitaberazubi@gmail.com helbidera idatziz. Ostiral arratsaldez, (lehenengo saioa 17:00etan hasiko da eta azkena 19:20ean), larunbat goizez (11:00etan lehenengoa eta 13:20ean azkena) eta arratsaldez (17:00etan lehena eta 19:20ean azkena), eta igande goizean (11:00etan lehenengoa eta 13:20ean azkena) egingo dira emanaldiak. Saio bakoitzean 10 eta 20 ikusle bitarte egotea aurreikusten da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!