Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

Kiroldegiko langileen greba mugagabeari lehenbailehen irtenbide bat ematea exijitu du Tolosako Udalak

Ataria 2023ko mai. 17a, 15:19

Blokeo egoera ikusita eta egoeraren larritasuna dela eta, berriro ere esertzeko eskatu die langileei, sindikatuko ordezkariei eta enpresari, borondatez negoziatzeko eta adostasunetara iristeko. «Negoziaketa egon da, bi aldeak mugitu dira, hainbat puntutan lortu da adostasuna, baina bi aldeak inoiz baino gertuagoa zeudenean, greba mugagabea deitu da», adierazi du.

Urtarrilean hasi zen enpresaren eta langileen arteko negoziazioa, 2019tik berritzen ez zen lan hitzarmena berritzeko eta hobetzeko. «Negoziaketa langile eta enpresaren artekoa da, guk soilik bitartekaritza lanak egin ahal ditugu», azaldu du udalak. «Denbora honetan, bi aldeen arteko topaketa erraztu dugu eta bi aldeei akordio bat egon dadin exijitu diegu. Gure esku egon den guztia egin dugu bi aldeak eserarazteko eta adostasunera iritsi zitezen sustatzeko. Hainbat bilera egin dira enpresako ordezkariekin, langileen eta sindikatuetako ordezkariekin eta baita kirol talde eta klubetako ordezkariekin ere, guztira, 23. Horietatik 12 enpresa eta langileen ordezkaritzarekin azken 5 hilabetetan, eta 11 kirol eragileekin azken 3 hilabetetan». 

Udalak nabarmendu duenez, ezin ditu zehaztu eta azaldu akordiora ez iristeko gakoak zeintzuk diren, enpresari eta langile eta sindikatuen ordezkariei dagokielako hori, baina udalaren iritziz erabaki guztiek erantzun behar diote proportzionaltasun printzipioari. «Negoziaketa egon da, bi aldeak mugitu dira, hainbat puntutan lortu da adostasuna, baina bi aldeak inoiz baino gertuagoa zeudenean, greba mugagabea deitu da».

Udalak gaineratu duenez, une oro errespetatu ditu bi aldeen denborak, negoziaketa prozesua bera eta greba eskubidea. «Blokeo egoera honen aurrean baina, eta egoeraren larritasuna eta ondorioak direla-eta, udalak bi aldeak publikoki deitu ditu bitartekaritza profesional baten eskutik, adostasunetara iritsi daitezen, kiroldegiaren itxierak eragin zuzena duelako herriarengan, herritarrengan, herriko kirolari, kirol klub eta taldeengan zein kirol taldeetako langileengan ere. Beraz, grebaren ondorioak larriak dira guztientzat; batetik, kiroldegiko langileentzat eta enpresarentzat; bestetik, instalazioak erabili ezin dituzten 10.770 erabiltzaileentzat, baita kirolari profesionalak dituzten klubentzat ere; eta azkenik, denboraldi amaieran dauden eta estatu mailan eta Europa mailan lehiaketak dituzten klubetako kirolarientzat, entrenatu ezinik dabiltzalako». 

Arrazoi horiengatik guztiengatik, kiroldegiko negoziazioa bideratu eta adostasunetara iristeko bitartekaritza profesionala eskatu du udalak urgentziaz, komitea eta enpresa borondatez eseri daitezen, ahalik eta azkarren, gatazka desblokeatu eta irtenbiderik onena bilatzeko.

«Lan-baldintza onenetarikoak»

2021ean abiarazi zuen udalak kirol instalazioen kudeaketa integralerako zerbitzuak kontratatzeko prozesua, aukera ezberdinak aztertu ostean, herritarrei zerbitzurik egokiena bermatzeko modurik eraginkorrena lehiaketa bidez zerbitzuak esleitzea zela iritzita. 2022an esleitu zen kirol instalazioen kudeaketa zerbitzuaren emakida, lehiaketa publiko baten bidez. 2022ko irailaz geroztik, BPXPORT XXI SLU enpresak kudeatzen ditu kirol instalazioak. 

Udalak adierazi duenez, emakida berriaren baitan, «hainbat hobekuntza» txertatu ziren, eskainitako zerbitzuak hobetzen jarraitzeko helburuarekin. «Era berean, enpresa esleipendunak langileria subrogatu behar zuen eta langileen lan baldintza duinak bermatu, udalak ezarritako baldintzak betez. Gaur egun, Tolosako kiroldegiko langileak dira Gipuzkoa mailan eta sektorean, lan-baldintza onenetarikoak dituztenak».

Auzitan jarri denez, udalak argitu du «ezinezkoa» dela BPXPORT XXI SLU enpresak ordaindu behar duen kanona aldatzea, «kanon hori lehiaketa publiko baten emaitza delako, eta beraz, legez kontrakoa litzateke». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!