«Tolosaldearen aurrerapenerako behar beharrezkoa da eskualdeko herrien arteko elkarlana. Eta, elkarlana eta batasun handia eskatzen duen gaietako bat osasungintza da», azpimarratu zuen atzoko ekitaldia Andu Martinez de Rituerto Tolosako EH Bilduko hautagaiak. Eskualdeko osasun arreta egoera larrian dagoela esan zuen, Tolosaldea ospitale publikorik ez duen Gipuzkoako eskualde bakarra baita.
«EH Bilduko hautetsiok urteak daramatzagu eskualderako osasun sistema publikoa eta kalitatezkoa aldarrikatzen. Azken urtean eta urteetan larritasunez eta arduraz bizi izan dugu eskualdeko osasun zerbitzuaren gainbehera ukaezina, eta hau kalean zein instituzioetan behin eta berriz salatu dugu, eta eskualderako osasun sistema publikoa eta kalitatezkoa aldarrikatu dugu», gehitu du.
Maiatzaren 6an egin zen manifestazioan kalera irten ziren herritarrak eskertu ditu. Era berean, osasun sistema publikoa indartzeko urteetan lanean aritu diren eragileak eta Tolosaldean kalitatezko osasun arreta izateko lanean dabiltzan profesionalen lana zoriondu eta eskertu du.
Hauteskundeen ondoren, Tolosaldeko gainontzeko alkateekin elkarlanean, osasun sailburuari eskualderako dituen asmoen berri ematera etor dadila exijitu du: «Argitu diezagula zer nolako ospitalea egiteko asmoa duen eta zer gertatuko den Asuncion Klinikarekin eta bere langileekin. Ez dugu atzerapen eta promesa faltsu gehiagorik nahi, ez gaitzatela gehiago engainatu, gauzak argi esan ditzatela, behingoz eseri daitezela Tolosaldeko alkateokin mahai batean».
Zentzu horretan, Martinezek bi konpromiso hartu ditu; lehena, elkarlanean aritzea ospitalea paperetik errealitatera ekartzeko, eta, bigarrena, Eusko Jaurlaritzaren aldebakartasuna baztertzea eta gardentasunez jardutea.
Zaintza lehenetsi
Maddalen Iriarteren esanetan, «jendea zaintzea lehenesten dugu; horrela egiten dugu gure eguneroko lanean eta horrela egingo dugu etorkizunean ere».
Halaber, politika egiteko modu berriak behar direla aipatu du: «Klasikoak, betikoak, ez du etorkizunerako balio. Politika egiteko modu berriak behar ditugu, eta hori EH Bilduren eskutik soilik etorriko da: gehiengoaren interes eta kezkei erantzuna emango diegu».
Horregatik, beste batzuek lubakiak altxatzen dituzten bitartean, zubiak eraikitzen jarraituko dutela esan du Bakartxo Ruizek: «Bidetik aterata eta bazterrean nahi gaituzte, ondo baino hobeto dakitelako EH Bildu dela ultraeskuina geldiarazteko boto eraginkorrena».