Villanuevak esan du azken lau urteetan egindako kudeaketa eta herritarrengandik jasotako eskakizunak kontuan hartuta osatu dutela programa.
Lau urte eman dituzu Tolosako Udaleko udal gobernuko kide bezala, zehazki, Kirol zinegotzi moduan. Zein balorazio egiten duzu?
Arlo pertsonaletik oso aberasgarria izan da, oso gustura egon naiz eta asko disfrutatu dut. Egia da, tartean, egoera oso bereziak eta txarrak tokatu izan zaizkigula. Hala ere, hemen egunero ikasten da zerbait. Politikoki, berriz, ez dakit tolosarrek badakiten udalean zenbat gauza egin diren. Gainera, kontuan hartu behar da administrazioa sei hilabetez erabat geldirik egon zela pandemiaren ondorioz.
Nola kudeatu zenuten egoera?
Arazo asko sortu ziren, eta lan handia egin behar izan genuen baliabide gutxirekin. Beste arazoetako bat langileen eraginez eman zen; erakunde publikoa izan arren, Tolosako langileen ia %50 behin-behinekoa da, eta prestakuntza handiko teknikariak dira gainera. Lan poltsatik etortzen direnez, denbora bat igaro eta joan egiten dira. Modu horretan dinamika galtzen da, beraz, datorren urterako barne oposaketak antolatuko dira, langileak finkatu daitezen.
Zeintzuk dira datozen lau urteetarako egiten dituzuen proposamenak?
Tolosarren ongizatea hobetzeko programa aurkeztu dugu, azken lau urteetarako proposamena kudeaketan dugun esperientziatik eta herritarrengandik jasotako eskakizunak kontuan hartuta landu dugu. Honela, tolosar guztien beharrei erantzungo diegu, bakoitzak dituen sinesmen, sentimendu, jatorri eta ideologiak kontuan hartu gabe. Tolosar guztientzat pentsatutako programa da, bizi diren kalea edo auzoa edozein izanda ere. Programa ez da hutsetik abiatzen, eta kontuan hartzen ditu Tolosako Udalak ematen dituen zerbitzuak, nahiz eta horiek etengabe hobetzen jarraitu behar den.
Tolosan azken urteetan egin den manifestaziorik jendetsuena egin berri da, TOPA-k deitutakoa osasun sistema publiko baten aldekoa izan zen. Zein jarrera duzue ospitale publikoari buruz?
Andoaingo eta Tolosaldeko alkate eta zinegotzi sozialistak bi urte daramatzagu, hainbat bilera eta deialdi publikoren bidez, Eusko Jaurlaritzari beharrezko neurriak har ditzala eskatzen Tolosaldeko osasun zerbitzua Gipuzkoako gainerako eskualdeetako baldintza berberetan bermatzeko, kalitateari, zerbitzuei eta baliabideei dagokienez. Zerbitzu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako ESI-ekin homologagarriak izatea, eta Tolosaldeko herritar guztiei osasun-zerbitzu publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa ematea ere nahiko genuke. Horregatik, positiboki baloratzen dugu Osasun Sailak Tolosan eraiki nahi duen ospitale eredua, eta, halaber, ondo ikusten dugu erreferentziako ospitalea Donostia izaten jarraitzea. Hala ere, politikan formak gordetzea oso garrantzitsua da, tolosar guztiak eta Tolosaldeko herritar guztiak kezkatzen dituen gai serio baten inguruan ari baikara¡. Gai honekin ezin da elektoralismorik egin, eta une honetan hori egin dela iruditzen zaigu. Sozialistok ez dugu ondo ikusten dokumentu hau hauteskunde kanpaina batean argitaratzea. Plan Funtzional hau urte erdiko atzerapenarekin dator, eta ez da iritsi ospitalea eraiki eta abian jartzeko kronogramarekin batera.
Beraz, zer eskatzen diozue Osasun Sailari?
Osasun Sailari eskatzen diogu, alde batetik, argitu dezala Osakidetzako medikuek noiz kudeatuko dituzten hitzarmenaren ondorioz Asuncionen esku dauden espezialitateak. Eta, bestetik, Osakidetzak eta Asuncion Klinikak sinatutako hitzarmenaren betetze-mailaren jarraipena egin dezala.
TOPA-k zuei buruz esandakoak salatu dituzue. Zein da une honetan koordinakundearekin duzuen harremana?
Herri txikia da eta beraiekin dugun harremana ona da. Bilera bat egin behar genuela aipatu genuen, baina gero prentsaurrekoan nahi zutena esan zuten. Nik beti esan izan dut ez dudala inolako arazorik edonorekin hitz egiteko, eta beraiei ere esan nien. Orain arte izan dugun jarrera publikoa hiru dokumentutan idatzita geneukan, eta horiek egunkarietan ere azaldu ziren. Ez dugu jarrera aldatuko, gauza bera defenditzen baitugu. Horretan geratu ginen. Hauek dira politikaren kontraesanak. Azkenean biztanleen eta erakundeen arteko zubi lan hori baten batek egin behar du, eta horretarako daude alderdi politikoak, gustatu hala ez gustatu. Manifestazio bateratua nahi badugu, batzen gaituena bilatu behar da, ez bereizten gaituena. Guk TOPA-k eskatzen duen gauza bera eskatzen dugu.
Zer iritzi duzue Asuncioneko langileek hasitako mobilizazioren inguruan?
Kiroldegiko langileekin gauza bera gertatzen zaigu. Denek daukate horretarako eskubidea, beraien lan baldintzak hobetu nahi dituztelako, eta guk hori errespetatzen dugu.
Zer egin dezake edota egiten ari da udala kiroldegiko grebari lotuta?
Udala ez da kirol ekipamenduko langileen grebaren erantzule, ez dauka inolako erantzukizunik. Ez da egia langileek jarritako pankartetan esaten dena. Argi utzi behar da langileen eta enpresaren arteko negoziazioa dela, eta udalak orain arte egin duen bitartekaritza lana baino ezin duela egin. Bi aldeen arteko topaketa erraztu eta bi aldeei akordio bat egon dadila exijitu behar dio. Horregatik, bai komiteari zein enpresari berriro eseri daitezela eta gatazka desblokeatzeko irtenbiderik onena bila dezatela exijitzen diegu.
Bada Tolosan zeresana sortu duen beste gai bat ere; Alde Zaharra. Zein irakurketa egiten duzue?
Tartean arazo batzuk egon direla uste dugu. Alde batetik, tokiko merkataritza dago. Garai batean Tolosan zegoen merkataritza gunea oso aberatsa zen, baina teknologia berrien garapenarekin eta pandemiaren eraginez, dena pikutara joan da. Horregatik, Alde Zaharra biziberritzeko plan integral bat diseinatu eta abian jarri behar da, gaur egun erabiltzen ez diren etxebizitzak birgaitzeko, itxita dauden merkataritza lokalei erabilera berriak emateko eta patioak lehengoratzeko. Bestetik, argiztapen-sistema indartu beharko litzateke, baita garbiketa sistema hobetu ere.
Zuk aipatu bezala, Alde Zaharreko denda txiki asko ari dira desagertzen. Proposamenik duzue egoera iraultzeko?
Tokiko merkataritza bultzatzen jarraitzea, bai abian dauden programekin, bai alokairurako, digitalizaziorako, energia-kontsumoa murrizteko, berrikuntzarako eta abarretarako laguntzak bilduko dituen finantzaketa lerro bat irekiz.
Madrilen onartu berri den Etxebizitza Legeak zeresana sortu du. Zein proposamen egiten duzue etxebizitza politikari lotuta?
Alde batetik, San Esteban auzo berrian etxebizitzen eraikuntza bultzatu nahi dugu. Aldez aurretik, egungo Ferialekuaren eta Bonberenearen erabilerei beste alternatiba batzuk eman beharko zaizkie. Garatu beharreko urbanizazio berrian etxebizitza babestuek lehentasuna izango dute, alokairuaren aldeko apustua eginez. Helburu hori lortzeko gaur egun martxan dauden enpresak lekuz aldatu beharko dira, Bonberenea barne. Bestetik, gazteentzako alokairu-etxebizitzen eskaintza handitzea proposatzen dugu, emantzipatzeko erraztasunak emanez eta beren etxebizitzetan irisgarritasun-arazoak dituzten adinekoei lagundu nahi diegu. Horretarako, Amarotzen (111) eta Iurramendin (15) etxebizitza babestuak eraikitzea proposatzen dugu. Era berean, itxitako etxebizitzak merkatura ateratzeko politikekin jarraitu eta indartuko ditugu, diru laguntzak eskatzeko epea urte osora zabalduz eta alokairurako eskuragarri dauden etxebizitzen kopurua handituz. Horretarako, etxebizitza bulegoa ireki nahiko genuke, herritarrek eskuragarri dituzten laguntza guztien berri izan dezaten.
Alde Zaharreko bizilagunen eskaerak lotura zuzena dute Zumarditxikiaren birgaitze proposamenekin. PSE-EEtik erabat babesten duzue birgaitzea, ezta?
Erabat babesten dugu, izan ere, herriarentzako espazio berri bat berreskuratuko dugu. Herriak eskatu zuelako sortu zen proiektu hau, eta prozesua oso irekia izan da, partaidetza prozesu bat eskaini baita. Jendeak bere ekarpenak egin ditu, baina beti egon dira ere gai horretan adituak diren pertsonak. Emaitza oso polita izango dela uste dugu, erabilpen asko emango zaizkiolako proiektuari. Hala ere, Zumarditxikiko espazioa okupatzen duten ibilgailuentzako aparkaleku alternatibak planteatu beharko dira.
Eta Zubi Berriaren eraisteari eta berria eraikitzeari buruz, zer iritzi duzue?
Guk ez genekien ezer, eta gure teknikariek ere ez. Nola ez zion hori jakinarazi EAJ-k Olatz Peoni, hauteskundeetarako hiru hilabete falta direnean? Ez dut EAJ-ren jarrera ulertzen. Ni alkate izango banintz, logikoki, proiektua gauzatuko nuke, baina ez nuke proiektuan ezarritako zubia eraikiko, beste zubi bat baizik.
1985etik orain arte erregistratutako daturik altuena da 2022ko kale neurketak emandakoa: %52,5ean egiten da euskaraz Tolosan. Zer proposatzen duzue datu hori mantendu edota hobetzeko?
Hainbat arlotan euskararen erabilera normalizatzeko egingo dugu lan. Horretarako, Euskararen Aholku Batzordea abian jarri eta euskara sustatzeko 2021-2014 Ekintza Planaren jarraipena egingo dugu.
PSE-EE giltzarri izan daiteke berriz ere, udal gobernua eratzeko. Zer egingo zenukete kasu horretan? Zein aliantza hobesten duzue?
Euskadi oso plurala da. Akordioetara iristeko, gutxienez, bi alderdi politiko behar dira. Sozialistak hirugarren indar politikoa gara, eta zenbait herritan agian lehena izango gara. Politikari bezala dugun arduretako bat erakundeei egonkortasuna ematea da, eta orain arte hori EAJ-rekin lortu dugu. Une honetan, ez dut uste EH Bildurekin posible izango denik, baina aurrerago seguru posible dela. Espainian ez dakite zein harreman mota dugun Tolosan. Hemen ez da bizikidetza arazorik egon, herritar guztiok ezagutzen baitugu elkar. Zoritxarrez, mehatxuak bizikidetza arazoak jasan dituztenen artean daude, ETAren historia tristearen ondorioak dira horiek.
Esango al zenuke gainerako alderdien ezaugarri positibo bana?
Pertsonekin geratzen naiz ni, eta denak oso jatorrak direla esan dezaket. Oso gustura sentitu naiz denekin lanean.
Zer egiten duzu politikaz deskonektatzeko? Bizikletan ibiltzera joan, agian?
Duela bost bat urte hasi nintzen bizikletan ibiltzen, lan Zumarragan egiten nuenean. Eskolako kide batek bere mendiko bizikleta probatzen utzi zidan, eta hurrengo egunean bizikleta bat erostera joan nintzen. Hala ere, egia da mendian ibiltzea gehiago gustatzen zaidala, nahiz eta denbora gehiago behar dudan horretarako. Oporretan osabarekin joaten nintzen mendira, eta kanpin denda txiki bat soinean hartuta ibilaldiak egitera joaten ginen. Kirolak gustura sentiarazten laguntzen dit, eta beti izan dut harremana naturarekin. Nire ilusioa da kanpin denda txiki bat eta liburu bat hartuta mendian galtzea.