Museoaren Egunarekin batera, urteurren berezia Topic-en

Ataria 2023ko mai. 16a, 16:00

Juanjo Herrero Topic-eko zuzendaria, Mari Jose Telleria kultura diputatua, Olatz Peon Tolosako alkatea eta Santi Eraso Espainiako Errege Akademiako ordezkaria, gaurko aurkezpenean.

Datozen egunetan, Tolosako Txotxongilo Museoak bat egingo du Gau Zuriarekin eta Museoen Nazioarteko Egunarekin. Bestetik, Espainiako Errege Akademiak Erroman 150. urteurrena bete duela ospatzeko, ostiralean eta larunbatean saio bana izango da museoko antzokian.

Topic-en urtean zehar egiten dituzten jardueren artean badira zenbait garrantzitsuak direnak; horietako batzuk datozen egunetan izango dira. Hain justu, ostegunean eta ostiralean, Tolosako Txotxongilo Museoak bat egingo du Gau Zuriarekin eta Museoen Nazioarteko Egunarekin. Bi ospakizun horiek, zenbait erakundek sustatzen dituzte; batetik, Nazioarteko ICOM (International Council of Museums) erakundeak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Gipuzkoako museoekin batera, eta bestetik, Tolosako eragile desberdinek (Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskola, kultur etxea, turismo bulegoa, Tolosaldea Garatzen, Bide-Bide hotela eta Topic-eko boluntarioak).

Maiatzaren 18an, osteguna, ate irekien jardunaldiak egingo dituzte egun osoan zehar. Tartean, doako bisita gidatuak ere izango dira helduentzat, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Horietarako izen-ematea aurrez egin beharko da, Topic museora bertaratuz, 943 650 414 telefono zenbakira deituz edo cit@cittolosa.com helbide elektronikora mezua bidaliz. Taldekako bisitak egingo dituzte, eta gehienez 15 lagunekoak izango dira. Osteguneko egitaraua borobiltzeko, Fotopic 2023 argazki lehiaketako sari banaketa egingo dute eta parte-hartzaileen argazki erakusketa inauguratuko dute.

Halaber, Espainiako Errege Akademiak Erroman 150. urteurrena bete duela ospatzeko, Vivir varios tiempos a la vez proiektuaren baitan, maiatzaren 19an (ostirala) eta 20an (larunbata) saio bana izango da Topic-eko antzokian. Ostiralean, Ana Zamorak zuzendutako Nise, Un viaje de Nao d’amores dokumentala proiektatuko dute. Larunbatean, berriz, Retablillo de Don Cristóbal ikuskizuna izango da. Bi egunetarako sarrerak doakoak dira, hori bai, tokia bete arte, eta beraz, ezinbestekoa da aurrez eskuratzea lotura honetan (gehienez 5 sarrera pertsonako).

Espainiako Errege Akademia Erroman 1873an sortu zuen Emilio Castelarrek, I. Errepublikan, XVII. XVIII. eta XIX. mendeetako artisten beharrei erantzuteko Erroma ezinbesteko jomuga izan zelako. Mende eta erdi honetan, 1.000 sortzaile eta ikerlari baino gehiagok egin dituzte egonaldiak bertan. Tartean ere izan dira Euskal Herrikoak, eta gaur egun sei euskaldun ari dira bertan lanean.

  • Maiatzak 18, osteguna
    • 10:00-19:00. Ate irekien jardunaldiak.
    • 17:00 eta 18:00. Doako bisita gidatuak helduentzat (17:00etan, euskaraz; 18:00etan, gaztelaniaz). Izen-ematea aurretik (gehienez 15 laguneko taldeak).
    • 16:30. Fotopic 2023 argazki lehiaketako sari banaketa eta parte-hartzaileen argazki-erakusketaren inaugurazioa.
  • Maiatzak 19, ostirala
    • 16:00-22:00. Ate irekien jardunaldiak.
    • 17:00-17:30 eta 20:00-21:30. Tolosako Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolako ikasleen emanaldiak, museoko areto desberdinetan.
    • 18:30. María Royo eta Ana Zamora artisten arteko topaketa.
    • 19:15. Nise, Un viaje de Nao d’amores dokumentalaren emanaldia. Iraupena: 40 minutu. Trailerra ikusteko lotura.
    • 19:30-22:30. Koktel zuriaren dastaketa Bide-Bideren eskutik.
  • Maiatzak 20, larunbata
    • 18:30. Retablillo de Don Cristóbal ikuskizuna. Iraupena: 60 minutu.
    • 19:30. Solasaldia publikoarekin. Iraupena: 15-30 minutu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!