Berrehundik gora musikari eta hogei musika talde inguru Musikherrian

Ataria 2023ko mai. 17a, 11:59

Maiatzaren 27an Musikherria ekimenak musika doinuez beteko ditu Tolosako kaleak. Herriko musika taldeez gozatu ahal izango da egunez, eta gauez, Goxuan Salsa eta Akerbeltz erromeria taldearen kontzertuak izango dira.

Datorren maiatzaren 27an ospatuko da Musikherria, Tolosako kaleko musikaren eguna.  Izenak berak dioen moduan, musika herriko gune askotara eraman ohi duen festa eguna da. Hala, goizetik dultzaina, txistu edo txaranga doinuak entzun ahal izango dira Amarotz, Izaskun, San Esteban, Iurreamendi, Iurre, Berazubi edota Larramendi auzoetan. «Kulturalki herri bizia da Tolosa, hainbat talde eta eragilek egiten duten lanari esker, herri izaerari eta kultur sormenari lotuta. Horren adibide da, esaterako, Musikherria, Tolosako plazak eta auzoak girotzen eta alaitzen dituen egitasmoa. Esker hitzak besterik ez ditugu aurtengo edizioan parte hartuko duten talde guztientzat, eta tolosarrak bertan parte hartzera animatu nahi ditugu, egun polita izango da eta», esan du Patxi Amantegi zinegotziak.

Aurten, beste urteetan bezala, musika eragile desberdin askok hartu dute parte egitasmoan eta ondorioz, berrehundik gora izango dira parte hartuko duten musikariak, hogei bat musika-taldetan banatuta. «Musikherria hitzordu garrantzitsua bilakatu da musika talde askorentzat. Talde bakoitzaren lanari merezi duen balioa emateko egunaz gain, jai giroan gozatzeko eguna ere badelako. Baita elkar ezagutu, eta saretzeko aukera ematen duen festa bat ere», azaldu dute antolatzaileek.

Musika protagonista

Goizeko dianak egin ostean, erdigunean zentratuko da giroa: auzoetan ibilitako taldeak Alde Zaharrera gerturatuko dira eta horrekin batera Plaza Berrian eta Lopez Mendizabal plazan kontzertuak eskainiko dituzten 12:00etan.

Arratsaldea Jarauta 69 txaranga iruindar ezaguna ariko da eta gauean bi kontzertu egongo dira Plaza Berrian, 22:00etatik aurrera. Alde batetik, Euskal Herriko musika eszenan indar handiz sartu den erritmo biziko talde bat ariko da: Goxuan Salsa. 60, 70 eta 80ko hamarkadako New Yorkeko, Kolonbiako eta Puerto Ricoko erritmo latino eta salsa doinuak euskarara ekarri dituen lehen orkestra da, Nafarroan sortua. Jatorriz kolonbiarrak dira taldekideetako sei, eta euskaraz ikasi dute gainerako taldekideen laguntzari esker. Bestetik eta egunari amaiera emateko, Akerbeltz erromeria taldea ariko da. 15 urte baino gehiago daramatza oholtzaz oholtza, eta aurten ikuskizun berritzailea prestatu dute.

Bazkari herrikoia Zerkausian

Urtero moduan, parte hartzaile guztien arteko bazkaria egingo da Zerkausian, baina edonork izango du bertaratzeko aukera, txartela erosita. Ikatza eta Orbela tabernetan daude eskuragarri eta helduek 15 euro ordaindu behar dute eta haurrek 6 euro.

Egitaraua

Maiatzak 27, larunbata

  • 10:00: Tolosako Dultzaineroak, Giro Arte dultzaina taldea eta Iraunkorrak txaranga Larramendi, Amarotz, Izaskun, San Esteban, Iurre eta Berazubi auzoetan.
  • 11:00: Eduardo Mokoroa musika eskolako ikasleak, Udaberri fanfarrea, Konponezinak txaranga, Isidro Larrañaga musika eskolako ikasleak, Uztaritzeko Herri Soinua elkartea eta Laskotxaranga kalez kale.
  • 12:00: Tolosa Kantari Alde Zaharreko kaleetan.
  • 12:00: Lask abesbatza, Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra eta musika eskolako klarinete taldea, Lopez Mendizabal plazan.
  • 12:00: Hodeiertz abesbatza, Garena Taldea, Garigabeak taldea eta The Konbix taldea Plaza Berrian.
  • 14:30: herri bazkaria Zerkausian Laskorain ikastola prestatuta. Irabaziak Zutani elkartearentzat izango dira eta txartelak Orbela eta Ikatza tabernetan erosi daitezke. 
  • 18:00: Jarauta 69 txaranga, Alde Zaharreko kaleetan.
  • 22:00: Goxuan Salsa taldearen emanaldia, Plaza Berrian.
  • 00:00: Erromeria Akerbeltz taldearekin, Plaza Berrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!