Euskal pilotaren modalitate guztiak jasota

Ataria 2023ko maiatzaren 16a

Joseba Urretabizkaia eta Tiburtzio Arraztoa, Tolosako udaletxean, aurkezpenean.

Xibarit argitaletxeak Tiburtzio Arraztoak eta Joseba Urretabizkaiak eginiko 'Euskal Pilota' liburua aurkeztu du.

Tolosako Xibarit argitaletxeak argitaratu duen Euskal Pilota liburua aurkeztu zuten Tolosako udaletxean, ostiralean. Tiburtzio Arraztoa aditu nafarrak idatzi du, eta Joseba Urretabizkaia tolosarrak atera ditu argazkiak eta egin du edizio lana. Bi formatutan atera dute: bat luxuzko formatuan, euskaraz eta gaztelaniaz, kutxa batekin eta pilota profesional bat duela; bestea, gaztelaniaz bakarrik, batez ere kanpora begira argitaratutakoa.

Arraztoak pilotaren hainbat modalitateren inguruan hainbat liburu idatzita zituela jakitun zen Urretabizkaia, eta berarengana jo zuen Euskal Pilota liburua osatzeko. Argitalpenean hamazazpi kapitulu daude, eta bertan jasotzen dira euskal pilotaren modalitate guztiak. «Artxiboetan, hemeroteketan eta nik nituen liburuetan aritu naiz informazioa jasotzen, eta gero hori laburtu egin dugu», azaldu du Arraztoak. Horrez gain, erremintak nola egiten diren, eta eskuetan takoak nola jartzen diren ere azaltzen da liburuan. Liburuak eskuratu nahi duenak horretarako aukera du Xibarit.com webgunean.

Aurkezpena eta gero, paxaka modalitateko erakustaldia egin zuten hainbat pilotarik udaletxeko arkupetan. Bertan aritu zen azalpenak ematen Txost elkarteko eta Euskal Pilota Federazioko kidea den Joxe Mari Mitxelena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!