Tolosako Udalak hasierako onarpena eman dio Andragorarako araudiari

Ataria 2023ko mai. 16a, 08:00

Pasa den ostiralean maiatzeko aparteko osoko bilkura egin zuten udaletxean eta behin-behinekoz onartu zuten Tolosaldeko Emakumeen Etxearen erabilera eta funtzionamendua arautzeko udal arautegia. Era berean, bazterkeria egoeran dauden pertsonentzat gaueko eta eguneko arretarako udal zerbitzuan aldaketak egitea onartu da.

Ostiralean, maiatzaren 12an aparteko osoko bilkura egin zuen Tolosako Udalak bi puntu onartzeko: batetik, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxearen erabilera eta funtzionamendua arautzeko udal arautegia, eta bestetik, bazterkeria egoeran daudenentzat gaueko eta eguneko arretarako zerbitzuaren aldaketa. Biak aho batez onartu zituzten.

Parte hartze prozesuan emakumeekin elkarlanean landu ondoren onartu dute emakumeen etxeko araudia. Hainbat ezaugarri zehazten ditu, besteak beste, helburuak, erabiltzaileak, printzipioak eta jarduera ildoak, espazioaren deskribapena eta erabilerak, antolaketa eta kudeaketa eredua, eskubideak eta betebeharrak. Arautegia publikoki egongo da ikusgai 30 lan egunez, iradokizunak egiteko.

Olatz Peon alkatearen ustez, erregelamendua «beharrezkoa» da etxeak funtzionamendu egoki bat izan dezan. «Emakumeen etxea ez da egoitza bakarrik izango, eraldaketarako tresna ere izatea nahiko genuke behintzat. Eta ezarritako helburu horiek guztiak betetzeko, etxeak arautegia behar du arautegia, funtzionamendurako oinarria behar du», gaineratu zuen.

EH Bilduko Kristina Pelaez Errazkin bere aldetik, pozik agertu zen emakumeen etxea errealitate izateko beste pauso bat eman delako. Emakume taldeak orain arte egindako lan mardula eskertu zuen era berean, baina azken xehetasunak argitzeko emakumeen etxeko taldeak eskatutako bilera ez egitea deitoratu zuen.

Arreta zerbitzua

Aparteko osoko bilkuran bazterkeria egoeran daudenentzat gaueko eta eguneko arretarako zerbitzuaren (Abegi etxea) aldaketa egitea ere onartu zen. Izan ere, zerbitzu publiko integral berria udalekotu eta abiarazteko zerbitzua bera sortu eta zerbitzua zeharkako eran kudeatzeko zerbitzu-kontratua esleitzeko prozesua gauzatu ondoren, deialdi hutsik deklaratu behar izan zen 2023ko urtarrilaren 3an.

Espediente berri bati ekin zion orduan udalak eta espediente berriaren baitan, Gizarte Zerbitzuen sailak hainbat irizpide berrikusi ditu eta memoria teknikoan aldaketak egin ditu zerbitzuaren kalitate teknikoa eta lan taldearen kudeaketa hobetzeko beharrezko baliabide pertsonalak bermatze aldera. Ondorengoak dira egin diren aldaketetako batzuk: eguneko ordutegian, zerbitzuan gutxienez bi profesionalez osatutako lan taldea egotea, gizarte esku-hartzeko eta koordinatzeko teknikari bat eta eginkizun anitzeko zaindari bat; zerbitzuaren zuzendaritzarako figura egotea zerbitzuaren kudeaketa egokia bermatzeko, eta eguneko arreta zerbitzua urte osoan eskaintzea, astelehenetik ostiralera jai-egunetan izan ezik. «Neurri horien bidez bermatu nahi da zerbitzuan gizarte esku-hartzea etengabekoa izatea, lan-taldeak jarduketa egokia egiteko oinarrizko baliabideak izatea eta zerbitzuaren jarraikortasuna, egonkortasuna eta eraginkortasuna», azaldu zuen Peonek.

Pelaezek bazterkeria egoeran dauden pertsonei zuzendutako gaueko eta eguneko arreta zerbitzu egokia ematea oinarrizkotzat jo zuen. Andu Martinez de Rituerto Arregik esan zuen espero dutela «Abegiko boluntario eta langileek merezi duten tokia izaten jarraituko dutela antolakuntza berrian».

 

Aldaketa horiek guztiek eragina izan dute zerbitzua egoki kudeatzeko beharrezkoak diren baliabide pertsonaletan eta zerbitzua eskaintzeko osatu beharreko lan taldean; ondorioz, zerbitzuaren kostuaren berrazterketa ere egin da. Zerbitzuaren aldaketak onartuta, jarraian abiatuko dute lizitazio berria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!