Redline Mekanika TAKE taldea EBA ligara igo da

Imanol Garcia Landa 2023ko mai. 13a, 21:18

Ligako azken jardunaldian 37-67 irabazi dio Goierri taldeari, eta zuzenean lortu du igoera, sailkapeneko lehen postua lortuta. Zumarragako kiroldegian jokatu dute partida.

Bere esku zuen Redline Mekanika TAKE saskibaloi taldeak igoera, eta aukera baliatu du zuzenean igotzeko. Bere bigarren aldia izango da EBA ligan, eta Goar Artetxe entrenatzaileak azaldu duenez, «Tolosa bezalako herri batentzat EBA ligan jokatzea arrakasta handia da».

Atsedenaldira arte nahiko partida trabatua izan dela esan du entrenatzaileak: «Defentsan bi taldeak nahiko sendo egon gara; erasoan kostatzen zitzaigun saskiratzeak egitea, baina bigarren laurdenean pixka bat hobeto aritu gara eta horrek lagundu digu atsedenaldira 14 puntuko aldearekin iristea». Bigarren zatian TAKEk erritmoa handitu egin du eta Goierrik ezin izan die aurre egin. «Hirugarren laurdenaren amaieran 30 puntu gora gindoazen, eta azken laurdenean aldea mantentzera joan gara. Jokalari guztiek jokatu dute, denek sartu dituzte puntuak eta oso kontentu gaude emaitzarengatik», azaldu du Artetxek. Iaz ez bezala, ez zuten beste emaitzen zain egon behar. Irabazita txapeldun zirela jakitun, «argi genuen gure lana egin behar genuela», gaineratu du.

Jende ugari joan da Tolosatik, eta harmailak bete egin dira. «Afizioari eskerrak ematen dizkiogu, ez gaur bakarrik eman diguten babesarengatik, baita urtean zehar ere eman digutenarengatik. Partidaz partida Usabalgo harmailak bete egin dira, eta beraiei esker momentu zailenetan aurrera egin dugu», zehaztu du Artetxek.

Afari batekin ospatuko dute orain EBA ligara lortutako igoera. «Pentsatzen dut gaua luzea izango dela. Horrelako lorpenak ospatu egin behar dira, disfrutatu egin behar dira», esan du entrenatzaileak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!