25 urte arte eszenikoak hauspotzen

Ataria 2023ko mai. 13a, 15:48

Urteurren borobilen urtea dute Amarotz auzoan. Auzoak 50. urteurrena du eta Antzerki Asteak 25 urte betetzen ditu.

Amarozko Antzerki Astearen 25. urteurrena dela eta, ekitaldi bereziak izango dituzte ekainaren 26tik 30era. Astea Pailaztana Junior taldeak irekiko du Punto eta aparte! ikuskizunarekin, eta horri lotuta Antzerki Astea antolatzen duen Intujai Teatro taldeko May Gorostiagak gogoratu du auzoan garrantzia berezia ematen diotela formakuntzari eta ez dela Antzerki Astera mugatzen. «Urtean zehar bi klown talde ditugu, horietako bat, Pailaztana Junior taldea. Biek hartuko dute parte aurtengo edizioan». Helduen klown taldeak El Clownquis de Amarotz parodia eskainiko du ekainaren 27an, eta Pailaztana Juniorrek Punto eta aparte!. Maider Bartolomek gidatzen du Pailaztana Junior eta aurten batu da egitasmora: «Aurten ezagutu dut taldea eta sormenaren abentura honetan gidari lanak egiten hasi naiz. Umeen sormena lantzen eta berpizten dugu, eta beraiek ematen didaten horretatik abiatzen da nire lana. Emanaldia ezusteko bat da, taldean sortutako antzezlan bat, eta ezin dut gehiago esan».  Formakuntzarekin jarraituz ekainaren 28ko Erraldoi Txikien Topaketa Handia eta Zirkugintzak eskainiko duen zirku tailerra aipatu ditu Gorostiagak.

25 urtetan artista esanguratsuak pasa dira auzotik, eta horietako batzuk aurten itzuliko dira; Diego Calavia magoa, auzoko abestia egin zuen Poprockpompero taldea eta ekainaren 30ean emanaldi berezia eskainiko duten Tortell Poltrona eta Petita Lu kataluniarrak, esaterako. Tortell Poltrona Payasos Sin Fronteras taldearen sortzailea da eta alabarekin batera izango da Amarotzen. Emanaldi berezi hori Zorionak Amarotz izeneko gala izango da, eta bertan ariko dira ere Bea Larrañaga eta auzoko zumba taldea. «Pasa den urtean jai batzordeko kide baten ideia jarri genuen martxan eta flash mob bat egin genuen. Oso gustura geratu ginen eta aurten errepikatzea pentsatu dugu, baina Antzerki Asteak 25 urte betetzen dituenez eta auzoak 50, bereziagoa izango den zerbait egingo dugu», esan du Saioa Sevillano zumba taldeko arduradunak.

Gorostiagak nabarmendu du Antzerki Asteak ez duela antzerkia bakarrik barnebiltzen, urte hauetan guztietan bertsolaritza izan dutela, musika, klowna, txotxongiloak, magia, dantza.... eta beraz «arte eszenikoen astea» izaten dela. Aurten guzti horri argazkilaritza gehitu diote, izan ere, Jabi Markez auzotarrak eginiko argazkien bilduma jarriko dute ikusgai.

Eneko Gutierrez Legazpiko magoa gerturatu da aurkezpenera.

Auzoak 50 urte

Xabi Karrera Amarotz Auzo Elkarteko kideak Antzerki Astean parte hartzen duten guztiak zoriondu ditu eta auzoaren 50. urteurrena ekarri du gogora. Urteurrenaren harira hainbat ekintza burutu dituztela eta beste hainbat egingo dituztela esan du. «Umeen eta helduen egunak egin ditugu jada eta maiatzaren 27an mendi martxa bat egingo dugu, ekainaren 30etik uztailaren 2ra auzoko festak izango ditugu, irailaren 17an Euskal Eguna, urriaren 7an auzoko kirol elkartearen eskutik futbolean parte hartu duten guztientzat bazkaria egingo dugu eta inauterietan karrozan ateratzen direnen eguna ere egingo dugu, baina ez dugu data zehaztu oraindik».

Intujaiko May Gorostiaga, auzo elkarteko Xabi Karrera, Bea Larrañaga 'Filipa Balbina' Intujaiko kidea, Saioa Sevillano zumba taldeko arduraduna, Maider Bartolome Pailaztana Juniorreko gidaria eta Eneko Gutierrez magoa.

Egitaraua
  • Ekainak 26: Pailaztana Junior taldearen Punto eta Aparte!, 17:00etan, auzo etxean, euskaraz.
  • Ekainak 26: Zirkugintza taldearen eskutik zirku ikastaroa, 18:00etan. Umeei begirako ikastaroa, euskaraz, kalean.
  • Ekainak 27: Badut taldearen Ipuinak jo eta musikak kontatu 16:30ean, auzo etxean, euskaraz eta umeentzat.
  • Ekainak 27: Pailaztana Klown Taldearen El Clownquis de Amarotz, 18:00etan, euskarazko kale ikuskizuna, helduentzat.
  • Ekainak 27: Amaia Agirre eta Eli Pagola bertsolarien 25 urte kopletan, 19:30ean, kalean, euskaraz.
  • Ekainak 28: Erraldoi Txikien Topaketa Handia. Erraldoiak dantzatzen ikasteko tailerra Amarozko erraldoien, Erraldoizale Lagunak-en eta Numen Dantza Eskolaren eskutik. 16:30ean masterclass-a egingo dute eta 17:30ean kalejira. Umeentzat eta euskaraz.
  • Ekainak 28: Irma eta Ixone trikitilarien Triki Fest Erraldoia 19:00etan, kalean.
  • Ekainak 29: Eneko Gutierrez magoaren Tilin-Tilin emanaldia auzo etxean, 16:00etan.
  • Ekainak 29: Pintxopoteatro David Blanco, Diego Calavia eta Eneko Gutierrez magoekin, 17:30etik aurrea, auzoko tabernetan, euskaraz eta gazteleraz.
  • Ekainak 29: Poprockpomperoren 15 años cuesta abajo kale ikuskizuna, 19:30ean, gazteleraz.
  • Ekainak 30: Zorionak Amarotz gala berezia Tortell Poltrona, Petita Lu, Bea Larrañaga eta auzoko zumba taldearekin, 17:45ean, kalean, euskaraz eta gazteleraz.

  • Antzerki Asteak irauten duen bitartean Jabi Markezen aurreko edizioetan ateratako argazkiekin osatutako Klik nire txokotik argazki erakusketa. 

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!