Tolosak duen arazorik larriena etxebizitzarena dela uste du PSE-EE alderdiak

Ataria 2023ko maiatzaren 13a

PSE-EE alderdiak Trianguloan banatu ditu ikur dituen arrosak. Tolosako alkategaia, Jose Mari Villanueva, izan da bertan, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagai tolosarrarekin eta alderdiko beste hainbat hautagairekin batera.

Jose Mari Villanuevak esan du Tolosak duen arazorik handiena etxebizitzarena dela. «Arazo hori batez ere, gazteek bizi dute. Momentu honetan Tolosako etxebizitzen salneurriak oso altuak dira eta ondorioz gazte askok Tolosatik alde egin behar izan dute». Amarotz auzoan egingo diren etxebizitzak ekarri ditu gogora eta San Esteban auzoko proiektua desblokeatu behar dela esan du. «Momentu honetan San Estebanen dauden eraikuntzen inguruko erabakiak hartu behar dira. Ferialekuari eta Bonbereneari aterabide bat eman behar zaie, bi ekipamendu horiei alternatibak bilatu behar zaizkie, eta aterabideak aurkitzen ez diren bitartean ezin da proiektuarekin aurrera egin. Tolosan ez dago lurzoru askorik etxebizitzak egiteko eta dugun aukera bakarrenetarikoa San Estebanen dago. Aukerak ikusi behar dira eta berdeguneak errespetatu behar dira, noski».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!