Herritar batek hipoteka gastuengatik ordaindutakoa berreskuratuko du

Ataria 2023ko maiatzaren 12a

Tolosaldeko Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) jakinarazi duenez, herritarrak 1.000 euro baino gehiago berreskuratuko du.

Kontsumitzailearen bulegoak azaldu du herritarrak  hipoteka maileguko kontratu bat sinatu zuela 2015ean, eta, orduan, hipoteka eratzearekin lotutako ia gastu guztiak ordaindu behar izan zituela. 2021ean Auzitegi Gorenak horri buruz emandako hainbat erabakiren ondoren, bankuak idazki bat bidali zion hipoteka gastuei buruzko 5. klausularen deuseztasuna jakinarazteko. "Kontsumitzaileak Tolosaldeko KIUBean beharrezko informazioa bildu ondoren, erreklamazio formala egin zion bankuari, eta honek ukatu egin zion zenbateko horiek itzultzea, erreklamatzeko epea igaro zela argudiatuz. Bankuak ezezkoa eman ondoren, eta Tolosaldeko KIUBak gomendatuta, azken horrek adierazitako aholku eta jarraibideei jarraitzeaz gain, kontsumitzaileak hitzezko judizioko demanda bat aurkeztu zuen epaitegian". 

Tolosaldeko kontsumitzaileen bulegoak gehitu du kasu hauetan, zenbatekoa 2.000 euro baino gutxiagokoa denean, ez dela beharrezkoa kontsumitzailea abokatuak eta prokuradoreak lagunduta joatea. Auzitegiak kontsumitzailearen eskaera izapidetzea onartu zuen eta bankuak alegazioa aurkeztu zuen, baina epaitegiak ez du onartu. "Beraz, epaitegiak kontsumitzailearen aldeko epaia eman du, eta kontsumitzaileak 1.000 euro baino gehiago berreskuratu ditu bidegabeki kobratutako hipoteka gastu batzuen kontzeptupean, inolako gastu gehigarririk egin gabe".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!