Redline Mekanika TAKEk bere esku du EBA ligara igotzea

Imanol Garcia Landa 2023ko mai. 11a, 11:58

Goierri taldearen aurka dute larunbatean ligako azken jardunaldia, eta irabazten badute zuzenean igoko dira mailaz.

Redline Mekanika TAKE saskibaloi taldeak larunbat arratsaldean lortu dezake zuzenean EBA ligara igotzea. Ligako azken jardunaldia jokatuko du, eta irabazten badu igoera ziurtatuta du, lehen postuan baitago sailkapenean. Goierri taldearen aurka jokatuko dute, 18:00etan hasiko den partidan, Zumarragako Ispilla kiroldegian. Hasiera batean bihar jokatzekoak ziren, Urretxun, aurkariaren etxean, baina federazioak partidak bateratu ditu eta larunbatean 18:00etan jokatzeko agindua eman du. Leku bila aritu dira, Urretxuko kiroldegia ordu horretan ez dagoelako libre, eta azkenean Zumarragan jokatuko dute.

«Iazko denboraldia oso ona izan zen guretzat, eta azkenean bukaera oso gogorra izan zuen», esan du Goar Artetxe entrenatzaileak. «Lauko finalean finalerdia ondo irabazi genuen eta finala galdu genuen bi luzapen jokatu eta gero. Merezi ez genuen porrota jaso genuen eta oso gogorra izan zen». Denboraldi honetan txapeldun izateak zuzenean igotzea ahalbidetzen zuenez, liga ondo lehiatu eta sailkapeneko lehen postuaren bila joateko asmoz ekin zioten. «Sekulako denboraldia egin dugu. Une honetan gure balantzea 22 partida irabazi eta hiru galdu da».

TAKE Tolosa klubarentzako gizonezkoen talde nagusia EBA ligara igotzea «sekulako arrakasta» dela esan du Goar Artetxek. «Orain hamar urte lortu genuen igoera eta bertan hiru urtez aritu ginen. Oso liga gogorra da; hainbat probintziatako hiriburuetara joan behar izaten da jokatzera. Gu herri txiki batekoak gara, eta horrelako taldeen aurka jokatzea, erdi profesionalak direnak, oso gogorra da». Kluba pauso hori emateko prest dagoela gaineratu du Artetxek.

Bestalde, Usabalgo langileen greba dela eta, Beasainen ari dira entrenatzen aste honetan lehen taldekoak. «Tolosako Udalarekin hitz egin dugu, 3x3ko saskiak erabili ahal izateko. Alondegia plazan jarri nahi ditugu, eta modu horretara beste taldeek entrenatzen jarraitu ahalko dute Usabal itxita dagoen bitartean».

Senior mailako beste taldeek ere maila ona eman dute denboraldian zehar. Gizonezkoen bigarren taldea, Gipuzkoako lehen mailakoa, igoera faseko finalerdietaraino iritsi da. Hirugarren taldeak, berriz, Gipuzkoako bigarren mailara igoera lortu du asteburuan. Emakumezkoen lehen taldea igoera fasea jokatzen aritu da, eta maila ona eman du, baina hirugarren postuan geratu da sailkapenean, eta lehenengo biek dute finala jokatu eta mailaz igotzeko aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!