Tolosa okelaren erdigune bilatuko da berriro

Leyre Carrasco 2023ko mai. 10a, 19:59

Maiatzaren 18tik 21era 'Haragi' Txingarraren eta Haragiaren Nazioarteko Topaketaren laugarren edizioa ospatuko da Tolosan eta Donostian; Txuleta Festa otordu tradizionala berreskuratuko da aurtengoan, eta lehen aldiz Euskadiko hanburgesen lehiaketa ere egingo da.

Aurten Tolosa laugarren aldiz bilakatuko da parrillaren epizentro. Izan ere, Tolosako Udala, Basque Culinary Center, Eusko Jaurlaritza eta ELIKER zentroak antolatutako Haragi Txingarraren eta Haragiaren Nazioarteko Topaketa izango da maiatzaren 18tik 21era. Lehenengo egunean kongresu profesional bat egingo da Basque Culinary Centerreko auditorioan; asteburuan berriz, Tolosako hainbat plazek hartuko dute festa, eta bertan, parrilleroak, sukaldariak, ekoizleak, eta haragiaren zaleak elkartuko dira.

Haragiren ospakizuna Tolosan egitea ez da kasualitatea. Izan ere, Olatz Peon Tolosako alkateak nabarmendu bezala, «hori gertatzen da Tolosak eta bere inguruneak baduelako ekosistema bat; ekoizleak, erretegiak, sukaldariak baita elkarte gastronomikoak ere. Haragik tradizioa, kalitatea, produktua eta gastronomia uztartzen ditu. Festa eta ospakizun bat da, eta oraina eta etorkizuna elkartzen ditu ere».

Peonen hitzetan: «Tolosa berez ezaguna da, eta preziatua, gainera, herrian ditugun erretegiengatik, jatetxeengatik, bertako gastronomiagatik, tokiko elikagaiengatik, baita azokagatik ere. Larunbateroko azoka oso preziatua da, gure artean eta Tolosatik kanpo ere. Baina baita urtero antolatzen diren azoka eta ekitaldi gastronomikoengatik ere, eta horretan lehena izaten da Haragi».

Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak ere topaketaren garrantzia azpimarratu du: «Hitzordu handi honen bidez, haragiaren, suaren eta parrillaren sektoreak duen garrantzia azpimarratuz gozatuko dugu berriro eta ezagutzak zabaltzen eta leku bakoitzeko teknika eta lan egiteko era berrietara hurbiltzen lagunduko diguten pertsona handiak bilduko ditugu».

Hitz hauekin, mundu osoko errekiak dastatzeko aukera emateaz gain, gai horretan adituak diren hainbat pertsonaren teknikei, animalien ongizateari eta sektoreko iraunkortasunari buruzko ezagutzak ikasi eta partekatu ahal izatearen zortea nabarmendu du Aizegak.

Josu Garaialde HAZI Fundazioko promozio zuzendariak aipatu bezala, «haragia funtsezkoa da euskal gastronomian, ingurumena, ekoizpen-aniztasuna, paisaia eta euskal gizartea eta ekonomia zaintzen dituen familia-nekazaritza bereizgarria eta iraunkorra baitu oinarri. Honi balioa ematea da Haragi bezalako ekitaldiekin bilatzen dena».

Zumarditxia, foodtruckez osatutako gune

Beste urte batez, Haragi Fest-ek hartuko du Zumarditxikia. Bertara gerturatzen direnek hainbat foodtrucken proposamen gastronomiko goxoenez, zuzeneko musikaz eta jai-girorik onenaz gozatu ahal izango dute ostiraletik igandera arte. Ostiralean 18:00etatik 00:00etara izango da irekita, larunbatean 12:00etatik 00:00etara eta igandean, berriz, 12:00etatik 16:30era.

Bertan, AMA, La Pavoneta, Kemekomo, Cárnicas Goya + Mele Mele, Mäwa, Rafa Gorrotxategi eta Balerdipeko Erleak-en postuak topatu ahal izango dira. Zuzeneko musikari dagokionez, Kumbia Boruka, Aria, Pasadena, Muzak, Txaston Dixie Band eta DJak igoko dira oholtzara. Egitaraua eta ordutegiak eskuragarri daude haragi.eus webgunean. 

Gune berean, larunbat goizean ‘SUA Espazioa’ kokatuko da, non sektoreko tolosar profesionalek ikastaro bat eskainiko duten. Bertan, parrilla inklinatuaren teknika eta Tolosako estiloa duen txuleta bat erretzean kontuan hartu beharrekoak irakatsiko dira. Eguerdian, behi-solomo baxuko txuletak zerbitzatuko dira, familian edo kuadrilan partekatzeko.

Aurtengo edizioan ere ez du hutsik egingo nazioarteko errekien dastaketak. Larunbat goizean showcooking-a egingo da Triangulo plazan, eta bere errekiekin parte hartuko dute Florencia Abellak (arandoiak txingar baxuan, hezurdun-bifea eta patatak tximitxurriarekin), Felicitas Pizarrok (vacio deituriko saiheski kortea arto-kremarekin) eta Txomin Parrillak (bertako lau arrazeako behi erdi bana erreko du burruntzi erara 15 orduz).

Txuleta festa eta Euskadiko hanburgesa lehiaketa

2019tik ospatu gabe egon den Txuleta Festa berreskuratu dute aurtengoan, eta igandean Zerkausia erretegi bilakatuko da bertako erretegien menu tradizionala dastatu ahal izateko. Plater nagusia Tolosako estilora jendaurrean erreko den txuleta izango da, Casa Julianeko 3 Gorrotxategi anaiek errea. Tiketak salgai daude 50 eurotan haragi.eus webgunean. 

Berrikuntza gisa, maiatzaren 21ean, igandean, Euskadiko autore-hanburgesen I. Lehiaketa egingo da Zerkausian. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Harakinen Elkarteek antolatu dute ekitaldia, eta bertan, bi kategori ezberdinetako, hanburgesa tradizionala eta hanburgesa berritzailea, hanburgesa onenak zein harategik ekoizten dituen jakingo da. Ondoren, publikoak hanburgesak dastatzeko aukera izango du.

Izen ematea

Ekitaldiko espazio guztiak irekiak izango dira. Mokaduak edo edariak hartzeko tiketak toki berean erosiko dira. Aurrez erosi behar diren sarrera bakarrak Txuleta Festa bazkarira joatekoak soilik dira. Basque Culinary Center-eko kongresuan eta txarkuteria tailerrean parte hartzeko interesa duenak webgunean izena eman beharko du. Informazio guztia eta egitaraua haragi.eus webgunean daude eskuragarri.

Egitaraua

Maiatzak 18, osteguna

  • 9:30. Kongresua HARAGI / Basque Culinary Center(Auditorioa)
    • 9:30. Irekiera.
    • 9:40. Suaren kultura - Felicitas Pizarro.
    • 10:00. Tolosa eta jasangarritasuna - Xabi Gorrotxategi, Eñaut Sala eta Joxe Mari Barriola.
    • 10:20. Bertako arrazak Montxina, Betizu, Terreña eta Pirenaica - Baserria Kmú, Jakitea eta Txomin Parrilla.
    • 10:40. Kalitatea: ekoizpenean haragiaren kalitatea bermatzeko gakoak - Jon Ayala, Juan Antonio Zaldua eta Gregorio Tolosa.
    • 11:00. Coffee Break.
    • 11:40. Sua eta bere teknikak - Florencia Abella.
    • 12:00. Ingurunea: sukaldaritzako ondarea eta gastronomia, ingurune baten garapenerako tresna - Edorta Lamo,
      Beatriz Pablos, Ion Areitio eta Jorge Guijarro.
    • 12:25. Haragiaren kalitatea, eredu ekologiko eta jasangarriaren isla - Blanca Entrecanales.
    • 12:45. Etorkizuna eta erronkak: jasangarritasuna, teknologia eta kontsumo-joerak - Martín Narvaiz, Lucía
      Velasco, Iñigo Urrechu eta Aitor Parte.
  • 14:00. Kongresuko otordua
  • 16:30. Txarkuteria taillera Xesc Reinarekin / Basque Culinary Center(Auditorioa)
  • 20:30. Tolosa otordua

Maiatzak 19, ostirala

  • 12:30. ‘‘Landa eremutik mahaira', Berrobin.
  • 18:00-0:00. HARAGI Fest, Zumarditxikian. Foodtruckak bertako eskaintza gastronomikoarekin eta musika zuzenean. Kontzertuak:
    • 22:30 – Kumbia Boruka
    • 23:45 – DJ

Maiatzak 20, larunbata

  • 11:00. Nazioarteko errekien dastaketa, Trianguloa plazan. Florencia Abella / Felicitas Pizarro / Txomin Parrilla.
  • 11:30. Parrilla ikastaroa SUA Espazioan, Zumarditxikian. Doakoa da, baina derrigorrezkoa da izena ematea.
  • 12:00. Txuleta dastaketa Tolosako estilora
    Foodtruck gunea – Zumarditxikia (Tolosa)
  • 12:00-00:00. HARAGI Fest, Zumarditxikian. Foodtruckak bertako eskaintza gastronomikoarekin eta musika zuzenean. Kontzertuak:
    • 13:00. Aria
    • 19:00. Pasadena
    • 22:30. Muzak
    • 23:30. DJ

Maiatzak 21, igandea

  • 11:00. Euskadiko Hanburgesa Lehiaketa, Zerkausian. Autore hanburgesa tradizionala eta autore-hanburgesa berritzailea: zein harategirena izango da?
  • 12:00. HARAGI Fest, Zumarditxikian. Foodtruckak bertako eskaintza gastronomikoarekin eta musika zuzenean. Kontzertuak:
    • 12:00. Txaston Dixie Band
  • 13:15. Txuleta Festa, Zerkausian. Tolosako erretegien menu tradizionala
    Casa Julianeko 3 Gorrotxategi anaiak zuzenean erreko dituzte txuletak, bertako produktuez osatutako otordu ederra eskaintzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!