Tolosako auzoetako elkarteak eta taldeak «kezkatuta» eta «oso haserre» azaldu dira beraien auzoen kudeaketarekin. Lehen aldiz, auzo gehienak bildu eta idatzi bat helarazi diete maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan Tolosan aurkeztuko diren alkategaiei; bederatzi auzok sinatu dute idatzia. «Orain arte gure auzoetako premiei erantzuteko udalarekin ditugun lan eta komunikazio bideak ez dira gure beharretara egokitzen, eta ez dira nahikoa beharrezko erantzunak emateko. Hori ikusita, gure auzoetako premien jarraipena egiteko konpromiso erreala eskatzen diegu Tolosako hurrengo udal gobernua osatu dezaketen talde politikoei», esan dute.
Asteartean, kultur etxean elkartzeko deia luzatu zieten udal hauteskundeetan alkatetza aurkeztuko duten bost alderdiei. Auzo elkarteetako ordezkariek salatu dute ez zutela erantzun berdina jaso guztiengandik. «Hiru alderdik gure mezua erantzun zuten: EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PP-k. Horietatik EH Bilduk baieztatu zuen kultur etxera bertaratuko zela; besteek ezinezkoa izango zutela esan ziguten, eta beraz, beste une batean eman genien idatzia. Azkenik, EAJ-k eta PSE-EE-k ez zuten mezua erantzun, eta beraz, guk joan behar izan genuen udaletxera, idatzia entregatzera. Kasualitatea, gaur egun udal gobernuan dauden alderdiak dira eta», azaldu dute haserre.
Azken urteetan auzo elkarteek udalarekin izan duten harremana eta dinamika «ahula» izan dela salatu dute auzoetako bizilagunek. «Bilerak giro onean egin izan ditugu, baina gehienetan ez dugu jaso egindako eskarien erantzunik; hitzak bai, baino konpromisorik ez. Erantzunak jaso izan bagenitu, ez ginateke orain guztiak bilduko. Uste dugu, modu honetara, udalaren intentzioa behintzat handiagoa izango dela».
Halaber, auzo bakoitzaren dinamika «oso desberdina» dela aitortu dute, eta horregatik, bakoitzak maiztasun txikiagoarekin edo handiagoarekin egin ditu bilerak udalarekin. Amarotz izan da, esaterako, bilera gehien egin dituen auzoetako bat. Bi hilabetean behin biltzen hasi ziren, baina pandemia tarteko, maiztasuna txikiagoa izan da azken urteetan. «Pandemia, ordea, ez da izan bilera gutxiago egiteko arrazoi bakarra. Bilera batzuetatik ez dugu ezer positiboa lortzen auzoarentzat, eta gure ustez, askotan alperrik egiten dira».
Horregatik guztiagatik, «beharrezkoa» ikusten dute udalak auzo-elkarteen eta kolektiboen lan-mahaia osatzea. Mahai hori bi modutara elkartzea eskatzen dute: auzo elkarte bakoitzarekin bi hilabetez behin, eta auzo guztiak elkarrekin sei hilabetero. «Bilera guztietan hartutako erabakien eta konpromisoen berri jasoko duten aktak jasotzea ezinbestekoa da», exijitu dute. Udal gobernu berria osatu eta hilabeteko epean eskaera sinatu duten auzo talde guztiekin bilera bat deitzea eskatu dute, aurrera begirako lan eredua zehazteko.
Auzotarren ustez, ekimen honek Tolosa «osotasun batean» hartzen du. «Auzo bakoitzak bere beharrak ditu eta errealitate oso desberdinak daude herrian, baina badira guztioi eragiten diguten gai komunak ere, besteak beste, garraio publikoa, komertzioak eta landa eremuetako errepideen egoera. Hala ere, guztiok bildu ondoren jabetu gara udaletxearen erantzun falta dela arazo handiena». Kasu honetan, beraz, «arazoak elkarbanatuz, herri bezala funtzionatu» nahi dutela adierazi dute. «Erantzukizuna, norbanakoa ez ezik, komunitate mailakoa ere bada».
Honakoak dira idatzia sinatu duten auzoetako elkarte eta taldeak:
- Aldaba auzoa
- Alde Zaharra
- Amarotz auzo elkartea
- Bedaio auzoa
- Berazubi auzoa
- Iurre auzoa
- Iurreamendi auzoa
- Larramendi auzoa
- Ttonttor San Esteban Auzokide Kultur Elkartea