ELKARRIZKETA

«Nire bizitzan argi bila nenbilen, eta neure barruan aurkitu dut»

Irati Saizar Artola 2023ko mai. 14a, 07:59

Virginia Perales, 'Virberri'. IRATI SAIZAR

Betidanik izan du gustuko sortzea, eskuekin lan egitea; bizitzari aldaketa bat emateko hasi zen, ordea, pintatzen, eta barrutik ateratzen zaion hori islatzen du bere lanetan, gehienetan, kolore biziz apainduta.

2012an bizimodua aldatzea erabaki zuen Virginia Perales artistak (Tolosa, 1959). Eskuekin lan egitea eta sortzea gustatzen zitzaionez, pintatzen hasi zen, eta Virberri izena jarri zion bere buruari, «Virginia berri bat» izaten hasi zelako.

Zer da egiten duzuna?

Duela bost urte guztia utzi eta Jakara (Aragoi) joan nintzen bizitzera. Orain itzuli naiz berriro Tolosara, otsailean. Lehen, Zumalakarregi kalean tapizeria bat nuen. Sortzailea izan naiz betidanik, artista, maila guztietan. Eskuekin egiten diren gauza guztietan, imajinatzen eta sortzen, hor nago ni. Kontua da, neure burua aurkitu beharra neukala, betiko galderak etortzen zitzaizkidan burura: Nor naiz? Zer egiten dut hemen? Zer egiten ari naiz nire bizitzarekin? Tapizeria utzi eta inork ezagutuko ez ninduen leku batera joatea erabaki nuen, bakarrik. Pirinioetara joan nintzen, eta bost urte eman ditut. Neure pasioa aurkitu dut, neure barnera joan naiz. Nire bizitzan argi bila nenbilen, eta neure barruan aurkitu dut. Argi hori berez ateratzen da nire koadroetan. Kolorea eta poztasuna adierazten ditut nire lanetan, hori baita, nire ustez, bizitza.



Jakan hasi zinen margotzen?

Oraindik hemen nengoela, mihise batzuekin hasi nintzen, baina ez lortzen nuen nahi nuena, ez nuelako neure burua ere topatzen. Jakara joan nintzenean, bakardadearekin, naturarekin egin nuen topo. Pirinioetara joaten nintzen, ibai baten ondora, eta esaterako, Txillidaren Haizearen orrazia margotzen hasten nintzen. Jendeak esaten zidan ea zertan ari nintzen hori Pirinioetan margotzen. Orain, ordea, jarraibide normaletatik ateratzen ari naiz, autodidakta naiz, eta ez dut teknika zehatzik erabiltzen, bakoitzak bere adierazteko modua baitu.

Koloreak gustuko dituzu?

Kolorea asko erabiltzen dut. Agian koadro bat atzealde gorriaren gainean margotzen dut, eta beste bat laranja edo berdeen gainean, eta beste batean kolore guztiak batera sartuko ditut. Azken lanetan kolorea da nagusi, kolorea baita oinarria. Denok barruan dugun argia bezalakoa da, eta horixe bilatzen ari nintzen, argia nire bidean. Eta konturatu naiz barruan daramagula.

Bizimodua aldatzea erabaki zenuen une berean erabaki zenuen artista izan nahi zenuela?

Dendaren eskualdaketarekin, denbora hartu nahi nuen, sentitu, entzun, eta zer nahi nuen ikusi. Ikusten nuen mihise bat margotzen gozatu egiten nuela. Ordu luzez egon naiteke margotzen, koadroak xurgatzen nauelako. Denbora existitzen ez den eta gozatzen ari zaren gauza bat egitea ederra da, egon nahi duzun lekuan egotea baita. Hortik bizi nahi nuela erabaki nuen.

Pinturak bizitza aldatu dizu?

Nire bizitzaren aldaketa pinturari esker izan da, bizitza ikusteko beste modu bat delako. Beldurrak existitzen dira, tristurak existitzen dira, baina zuk pintzelkada bat ematen diozu, eta, arraro sentitzen bazara, paper bat hartu, pintatu, eta horrek asko lasaitzen zaitu. Pirinioetan, lehenik, hemengo gauzak margotzen nituen, jendeak ikusi nahi zituen gauza figuratiboak, alegia. Baina konturatu nintzen bazegoela beste mundu bat. Energia gara, eta bada eremu bat begiak itxi eta sentitzen duzuna, mugiarazten gaituena da, motorra.

 

«Nire bizitzaren aldaketa pinturari esker izan da, bizitza ikusteko beste modu bat delako»



Eta orain zer margotzen duzu ba?

Normalean koadro bat margotzen dudanean ez dut bururik erabiltzen, eta izenburu bat ateratzen zait. Ez diot buruari jendeak ikusi nahi duena egiteko pausoak ematen uzten.

Orain gutxi erakusketak jarri dituzu Tolosan.

Iaz Aranburu Jauregian jarri nuen bat, eta Gabonetan eta orain gutxi Laskoain kalean izan ditut beste bi. Jendeak ez nau modu honetara ezagutzen, eta harritu egin da margotzen ari naizela ikustean.

Jendeak badu interesa?

Interes pixka bat falta da, jendea ez dago arteari begira. Beldur handia dago, jendeak ez du gozatzea lortzen. Koadro bat ikusi eta gustatzen zaiela esaten dute, baina, ez dutela ulertzen diote. Koadroak emozio hutsa dira, baina jendea ez dago hori ikusteko prest, beste aldera begiratzen du, bizitzan zeregin gehiago badituela pentsatzen duelako.

Zuk justu kontrakoa egin duzu.

Hori da. Gelditu, sentitu eta hor dauden beldurrak errekonozitzen ditut. Eta beldur horiei ez diet pasabiderik ematen, ez diet uzten gurdiari tiraka neure aurretik joan daitezen: nire ondoan doaz, lagundu nahi didate akaso, baina ikusten ditut, kontrolpean ditut.



Autodidakta zarela esan duzu. Ez zara inoiz ikastaroren batera joan?

Jaiotzetik ezaugarri batzuk izaten ditugu, eta nik uste hortik ere badudala pixka bat. Nire aitona artista zen, baita nire ama eta nire ahizpa zaharrena ere. Txikitan, eskolan ondo pintatzen nuenez, Matxin Labaienengana joaten hasi nintzen. Pintzelkada azkar eta soltea dudanez, Matxini izugarri gustatzen zitzaion, ederki moldatzen ginen. Helduagotan, bisitan etortzen zitzaidan eta koadroak oparitzen zizkidan. Gero, Jakara joan nintzenean, pintura tailerretara joaten hasi nintzen, astean behin. Urtebete egin nuen. Han, teknika erakusten zuten eta patroi batzuk markatzen zituzten, eta nik neure erara joan nahi nuen. Beraz, ez nuen jarraitu, neure erara nindoalako, eta hori zelako nahi nuena.

 

«Txikitan, eskolan ondo pintatzen nuenez, Matxin Labaienengana joaten nintzen, ederki moldatzen ginen»



Orain Tolosara itzultzea erabaki duzu eta artista gisa zure bideari jarraitzea.

Oso pozik etorri naiz. Orain itzuli behar nuela sentitzen nuen eta halaxe egin dut. Pozik nago eta disfrutatzen ari naiz.

Non inspiratzen zara?

Nigan aurkitzen dut inspirazioa. Urtebete egin nuen begiak itxi, eta begiak itxita nituela mihisearen aurrean jarri eta marrak egiten. Miroren lanak ziruditela esaten zidaten. Irudiak ateratzen zitzaizkidan, zer ziren jakin gabe, eta gero kolorez betetzen nituen. Gero trazu horiek ez egitera pasatu naiz, kolorea bakarrik erabiltzera, baina sentituz. Batzuetan, hasi aurretik begiak itxi eta zoriz koloreak hartzen hasten naiz, ezer aurreikusi gabe.

Kolore biziak erabiltzen dituzu.



Kolorea pozaren parekoa da, ongizatearen eta zorionaren parekoa.

Zenbat denbora eskaintzen diozu egunero pinturari?

Egunero aritzen naiz pixka bat. Agian lau edo bost orduz egon naiteke, bi orduz egon naitekeen bezala. Ez daukat ordutegi finkorik, eta hori ere askatasuna da. Koadroetan askatasuna eta adierazpen askatasuna daude, eta koloreak nahi bezala mugitzen dira.

Une honetan erraza al da horretatik bizitzea?

Ez, beste gauza batzuk bilatu behar dira. Tailer solteak egin ditut. Orain doako bat egingo dut Zarautzen, emozioak bideratzen dituen adierazpen artistikoa lantzeko. Tailer horietara ere bideratu nahiko nuke neure ibilbidea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!