Asteburu honetan ikuskizuna, tailerra eta kontzertua Topic-en

Ataria 2023ko mai. 10a, 11:27

Larunbatean, ikuskizuna eta tailerra izango dira familientzat; igandean, berriz, Maiatzeko Doinuak zikloaren bigarren kontzertua izango da, Flaufusion taldearena.

Topic-etik adierazi dutenez, «arrakasta handia» izaten ari dira ikuskizunak eta tailerrak uztartzen dituzten saioak. Parte hartu nahi dutenek, 943 650 414 telefono zenbakira deitu edo pedagogia@cittolosa.com helbide elektronikora mezu bat bidalita eman behar dute izena. Tailerra 17:00etan izango da; ikuskizuna, berriz, 18:30ean. Kasu honetan, Herrialde Katalanetako La Baldufa konpainiaren Urtxintxaren elezaharra obra ikusi ahal izango da. 3 urtetik gorako familia-antzezlana da, 50 minutuko iraupena duena eta elkarrizketarik gabea.

Bestetik, Maiatzeko Doinuak zikloaren bigarren kontzertua izango da Topic-eko antzokian igandean, 12:00etan. Flaufusion taldearen saioa izango da, doako sarrerarekin. Musikeneko interpretazio masterrean sortutako ganbera bikote berri batek osatzen du taldea. Kideen ibilbide luzea dela eta, musika-esperientziak eta heldutasunak batzen ditu Rosario Guerra flauta jotzailea eta Pau Buforn perkusio jotzailea. Esperientzia horien artean, nabarmentzekoak dira JONCatalunya, JOGValenciana, Mahler Academy, OJExtremadura eta JOCórdoba eta beste orkestra profesional batzuetan parte hartu izana, hala nola, ADDA Simfònica eta Bochumer Phoniker orkestretan, arte-emaitzen kalitatea bermatu dizkietenak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!