Berazubin belar artifiziala jartzearen alde egin dute Tolosa CF-ren batzarrean

Imanol Garcia Landa 2023ko maiatzaren 10a

Aldeko botoak 102 izan dira, kontra 65 boto eta boto zuri bat izan da. Berrehun pertsona inguru elkartu ziren atzo arratsaldean kultur etxean, Tolosa CF-k egindako ezohiko batzarrean.

Berazubi estadioan belar naturalaren ordez belar artifiziala jartzearen proposamena egin zuen Tolosa CF-ko zuzendaritza batzordeak eta atzo kultur etxean egindako ezohiko batzarra deitu zuen bazkideen iritzia jasotzeko bozka bitartez. Bozketan 170 parte hartzaile inguru izan ziren eta gehiengoak belar artifiziala jartzearen aldeko hautua egin zuen, 102 botorekin. Ez aldatzearen aldeko iritziak ere boto kopuru esanguratsua jaso zuen, 65ekin, eta boto zuria eman zuen bazkide batek.

Batzarrari hasiera eman zitzaion Juan Ignacio Azaldegi bazkideak aurkeztutako idatzi batekin, belar naturala mantentzeko eskatuz, eta gogora ekarriz atletismoko jaurtiketa modalitateak ezingo direla praktikatu eta ezingo direla modalitate hori barne dauden txapelketarik antolatu belar artifiziala izanez gero. Nolabait, atletismoarekin duen lotura galdu egingo lukeela Berazubik, eta estatuko lehen atletismo estadioa izan zela gogora ekarri zuen.

Ondoren, zuzendaritza batzordeak bere proposamenaren nondik norakoak azaldu zituen. Argudio nagusiak belar artifiziala jartzeko egun Berazubiko zelaiak ez duela erabilira handirik Usabalgo belar artifizialeko azpiegiturak gainezka dauden bitartean, eta belar naturala mantentzeak (berria jarri behako litzateke) gastu handiagoa ekarriko duela izan ziren.

Batez ere klubeko bi atali eragiten zien atzoko erabakiak: futbolekoa eta atletismokoa. Batzarrean ere nabaria zen bi ataletako kideen presentzia, eta, besteak beste, atal bakoitzeko lehendakariek hartu zuten hitza: Jon Aldazabal futbolekoak eta Lander Gil atletismokoak. Belar artifiziala jartzearen gaia orain dela 20 urte inguru dagoeneko eztabaidagai zegoela azaldu zuen Aldazabalek, eta Usabalgo azpiegiturek egun ezin dutela futboleko atalak dituen talde eta kirolari kopuruari eutsi izan ziren. Bere aldetik, Gilek azaldu zuen ez dela atletismoko atalarekin hitz egin gaiaren inguruan, komunikazio falta izan dela, eta Berazubin belar artifiziala jarri ondoren zer-nolako plangintza izango den ez dela zehaztu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!