Asuncion Klinikako langileek mobilizazioekin jarraitzen dute. Gaur dute bigarren greba eguna, eta Tolosako udaletxe aurrean egin dute elkarretaratzea, goizean. Langileen erosahalmena bermatu eta lanorduak murriztuko dituen hitzarmena negoziatu nahi dute zuzendaritzarekin, eta langileek adierazi dutenez ez diete kasurik egin: «Lehen greba egunean (astelehenean), zerbitzu minimoak ez ziren behar bezala bete, eta horren harira bakarrik izan dugu harremana zuzendaritzarekin, gainerakoan, negoziaketaren inguruan ez dute ezer esan».
Asuncion Klinikako langileek hitzarmen duin bat, KPIa bermatzea eta 35 orduko jardunaldia eskatzen dituzte. «Hori da eskatzen dugun gutxienekoa, hortik aurrera, hitz egin dezakegu». Zuzendaritzak proposatutako baldintzak, ordea, «lehen baino okerragoak» direla salatu dute. «Negoziatzen berriro hasi garenean baldintzak okertuta aurkeztu dute proposamen berria, eta bien bitartean, gure eskakizunak berdinak izaten jarraitzen dute».
Zuzendaritzarekin biltzeko arazorik ez dutela izan esan dute langileek, baina «entzun bakarrik» egiten dutela: «Beti esan izan digute ateak zabalik izango dituztela gurekin hitz egiteko, baina beraiek ideia batzuk dituzte eta guk beste batzuk, eta ez dira hortik mugitzen».
Klinikako langileek zerbitzu publikoa eskaintzen dute, eta hor ere jarri dute azpimarra. «Gure lanaren %90 edo gehiago Osakidetzarako egiten den lana da eta ez du inork kontuan hartzen hori». Larunbatean Tolosan egin zen mobilizazioarekin bat egin zutela aitortu dute, baina eskari bat luzatu dute: «Gutaz ez daitezela ahaztu, orain zerbitzu horixe eskaintzen ari garelako». Arduratuta daudela aitortu dute, ez dakitelako ospitale publikoa eraikitzean klinikako langileekin zer gertatuko den: «Ospitale publiko berriaren eskaria hor dago, baina bitartean zer? Eta behin ospitalea egiten denean zer gertatuko da gurekin? Langile asko, erabiltzaile ere bagara, eta konturatzen gara zer zerbitzu daukagun Tolosaldean».
Greba egun gehiago
Pasa den astean lanuzteak egiten hasi ziren, eta beste pauso bat eman eta lanuzteak indartu dituzte orain. Bigarren greba eguna dute gaurkoa, eta maiatzaren 17, 18, 19, 22, 23, 29, 30 eta 31n egun osoko grebak egingo dituzte. «Indartsu gaude, jende asko gaude borrokarako prest, eta zerbait lortu arte jarraituko dugu», esan dute.