Berazubin belar artifiziala jartzeari buruzko bozketa egingo dute gaur

Imanol Garcia Landa 2023ko mai. 9a, 11:59

Berazubin belar artifiziala jarriko den erabakitzeko Tolosa CF klubak ezohiko batzarra antolatu du gaurko, kultur etxean. 19:00etan izango da lehen deialdia eta 19:30ean bigarrena.

Gaiak eztabaida sortu du, belar artifiziala jarriz gero atletismoko atalari eragingo baitio, zehazki jaurtiketako alorrari. Klubaren zuzendaritza batzordeak belar artifiziala jartzearen alde egin du kaleratu duen idatzi batean, kirol beharrak eta aurrekontua argudio moduan erabiliz.

Klubaren futbol ataleko lehendakaria den Jon Aldazabalek azaldu duenez, aspaldidanik datorren gaia da belar naturaletik belar artifizialera pasatzearena: «Orain 20 urte ari ginen gai horrekin dagoeneko, baina gaur egun erabaki bat hartu behar da, Berazubiko belar naturalak ez duelako gehiagorako ematen, aholkularitza ematen duen enpresak esan duenez, eta aldatu egin behar da. Kontua da klubarentzat onuragarriagoa dela belar artifiziala jartzea». Futboleko atalean 700 kirolari dabiltzala esan du Aldazabalek, eta egun, Berazubi talde bakarrak erabiltzen duela dio: «Gizonezkoen talde nagusiak bakarrik erabiltzen du, eta beste guztiek Usabalgo azpiegiturak erabiltzen dituzte. Guztiz gainezka dago Usabal eta entrenamenduak kalitate gutxikoak izatea suposatzen du horrek».

Klubak kaleratutako idatzian jasotzen denez, aurrekontuan aldea dago. Belar natural berria jartzeak 250.000 euroko kostua du, eta urtero 37.000 euroko mantenua. 18.000 euroko laguntza bakarrik izango lukete. Belar artifiziala jartzeak, berriz, 350.000 euro balio du, eta erakunde publikoen diru laguntzekin kopuru horri aurre egiteko aukera dagoela azaldu dute.

Belar artifiziala ez jartzeko, eta atletismoko arloak bere horretan jarraitzeko, Xabier Aiertzak sinadura bilketa jarri du martxan Change.org plataforman, eta atzo arratsalderako 1.730 sinadura bildu zituen. Tolosa CF-ko atletismo atalak bat egin du bere Facebook orrian egitasmo horrekin. Sinadura bilketa hori abian jartzeko argudioetako batek dioenez, belar artifiziala jarriz gero Berazubiko belar eremuak «futbolean jokatzeko bakarrik balioko luke, eta atletismoa ezingo litzateke praktikatu jaurtiketako alorrean. Hau da, Berazubik estadio izateari utziko lioke, ezingo bailirateke atletismo probak antolatu jaurtitzaileen parte hartzearekin».

Egitasmo horrek ere gogora ekarri du aurtengo ekainaren 24an beteko dituela 100 urte Berazubiko estadioak, eta estatuko lehenengo atletismo estadioa izan zela.

Gaurko batzarrean, klubeko barne araudiaren arabera, 18 urtetik gorako bazkideek eta kirolari elkartuei aitortzen zaie botoa emateko eskubidea. Bestalde, araudian botoa eskuordetzeko aukera jasota ez dagoenez, botoa aurrez aurre eman beharko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!