Udaletxe parean egin dute gaur elkarretaratzea Usabal kiroldegiko langileek. Hain justu, gatazka honen erantzuleetako bat Tolosako Udala dela esan dute. «Hasiera batetik esan dugu zerbitzu honen arduraduna udala bera dela. Bere instalazioetako zerbitzua azpikontratatzen ari da, baina azikontratazio hori baldintza ahalik eta egokienetan ematea izan beharko litzake helburua, eta gaur-gaurkoz ez da halakorik ematen».
Kiroldegiko langileen eta enpresa kudeatzailearen arteko negoziaketa blokeatuta dagoela esan du ELA-k, hiru puntu nagusitan. Batetik, soldatak eguneratzea eskatzen dute, 2020tik gaur egunera arte, baita datozen urteetarako KPI-a bermatzea ere. Bestetik, klase prestakuntza orduak lanordu bezala kontsideratzea exijitzen dute. Azkenik, betetzen duten funtzioen araberako kategoria aldaketak ematea eta kategorien arteko desberdintasunak murriztea eskatzen dute langileek. Sindikatuak adierazi duenez, badago beste «arazo» bat: bileren maiztasuna eta eraginkortasuna. «Asko atzeratzen du gatazka, eta gaur gaurkoz, egoera honetara eraman gaitu, greba mugagabera».
Apirilaren 25ean egin zuten bi aldeek azken bilera. ELA-k esan duenez, egun horretan, enpresa kudeatzaileak maiatzaren 8rako (gaurko) deitu zuen hurrengo bilera. Langileek adierazi zioten «oso berandu» iruditzen zitzaiela, eta «negoziaketa arinago baten beharra» aldarrikatu zioten. «Hortik aurrera, ez daukagu gaurko bilerarako ordurik. Ez dakigu noiz izango den. Guk uneoro esan dugu biltzeko prest gaudela, betiere akordio batera heltzeko bada». Akordiora iritsi bitartean, greba mugagabea egingo dutela eta Usabal kiroldegia itxita egongo dela baieztatu dute; aldiz, Berazubi estadioko instalazioak erabiltzeko aukera izango dute, zabalik egongo baita.
Martxoan 10 egunez lanuzteak egin zituzten langileek. Egun horietan, kirol saioak egin zituzten herriko txoko desberdinetan, herritarrei kirola egiteko aukera eskaini eta greba deialdiarekin bat egin zezaten. Datozen egunetarako mobilizazio-plangintza bat diseinatzen ari direla aurreratu dute. «Lan-baldintza duinek zerbitzu hobea ekarriko luketela ulertzen dugu, plantillaren egonkortasuna ere bermatzen dutelako. Argi daukagu kiroldegia itxita egoteak erabiltzaile eta kirolari askorengan eragina duela, eta pena handia da. Barkamena eskatu nahi diegu itxierak eragindako eragozpenengatik, baina argi utzi nahi dugu gure nahia gatazka hau ahalik eta azkarren amaitzea dela».