Sahararen aldeko elkartasuna adierazi dute bueltaka

Leyre Carrasco 2023ko mai. 7a, 17:59

Ekimenaren helburuetako bat haur sahararrentzako dirua ateratzea izan da, eta bueltaka aritu dira goiz guztian zehar, Berazubin. Oporrak Bakean programarako dirua lortzeaz gain, Agustin Agoteri omenaldia ere egin diote.

Aurten ere Tolosaldea Sahararekin elkarteak antolatutako ekimena burutu dute Berazubin: Bueltaka. Modu horretan, elkartasunak eta kirolak bat eginez, goiz guztian zehar bueltaka aritu dira.

Eguraldiaren beldur bazeuden ere, hodei gutxi batzuk eta eguzkia lagun izan dute goiz guztian zehar. Elixabet Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko teknikariak aipatu bezala, «inoiz baino jende gehiago hurbildu da aurtengoan». Euro baten truke korrika eginez buelta bat emateko aukera izan dute guztiek. Bertan lortutako dirua Oporrak Bakean programara bideratuko dutela azpimarratu du Eizagirrek, eta aurtengo helburua ere argia izan da: «Saharako haurrak laguntzea, udan ekintzak egin ditzaten».

Denera 3.000 buelta egitea lortu dituzte. Hori lortzeko, bertaratu direnen laguntza izateaz gain, beste 20 talde eta eragileen laguntza ere izan dute.

Agustin Agote gogoan

Dirua lortzeaz gain, aurtengo ekintzak ere beste asmo bat izan du tartean: urtarrilean hil zen Agustin Agote Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideari omenaldia egitea. Eizagirreren esanetan, «Agusek bultzatu zuen hasiera-hasieratik Bueltaka ekimena, eta gaur oso presente izango dugu gure ondoan».

Horretarako, parte hartzaile guztiek «ohorezko buelta» eman dute elkarrekin, Agusen omenez. Helmugara iritsita, Agoteren familiak hainbat oroigarri jaso dituzte. Tartean, Udaberri Dantza Taldeko dantzarien agurra, bertsoa eta Katxiporretako lagunek oparitutako zuhaitza, besteak beste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!