Tabuak hausteko moduko solasaldiak

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko maiatzaren 6a

Safe place ekitaldia egin dute Tolosan; zazpi postu jarri dituzte Gipuzkoako Artxiboaren aurrean, osasun mentalaz normaltasunez hitz egin eta gai horren inguruan dagoen informazio faltari aurre egiteko.

Berez, Trianguloa plazan egin behar zuten, baina osasungintzari lotutako manifestazioa zela eta, lekuz aldatu eta San Frantzisko ibiltokian jarri dituzte zazpi postuak. Horietako bakoitzean, gai jakin baten inguruan elkarteekin eta adituekin hitz egiteko aukera izan dute herritarrek: suizidioa, antsietatea, depresioa, bipolaritatea, adikzioak, elikadura nahasmenduak eta eskizofrenia. 11:00etatik 13:00etara gauzatu dute egitasmoa eta 12:00etan Olaia Toral musikariak kontzertu akustikoa eskaini du.

Ekitaldiak Impact Day ideia lehiaketan du sorrera. Laura de la Iglesiak, Nahia Zumetak eta Nahia Apeztegiak, Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolako ikasleak zirela, bertako Berpiztu Osasun Mentaleko Batzarrean ezagutu zuten elkar. Irakasle batzuek esan zieten lehiaketa horretara aurkezteko, osasun mentalari buruzkoa zelako. Impact Day lehiaketan aditu batzuen zenbait azalpen jaso ondoren, denbora tarte bat izan zuten proiektu bat pentsatzeko eta aurkezteko. Lehen sailkatuak izan ziren, eta proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteak Auzolanean programara aurkezteko gonbita jaso zuten segidan. Hain justu, programa horretatik jasotako diru laguntzarekin antolatu dute Tolosako Safe Place ekitaldia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!