Dagokien hondakin bilketa tasa aplikatzeko, konposta egiten dutela frogatu beharko dute tolosarrek

Ataria 2023ko maiatzaren 5a

Zinpeko aitorpena UDATEn edo elektronikoki aurkeztu beharko dute maiatzaren 15a baino lehen; aurkezten ez badute, hondakin bilketa tasa orokorra aplikatuko zaie.

2023ko Ordenantza Fiskaletan jasotakoari jarraiki, etxebizitzen hondakin bilketa eta ezabaketarako hiru tasa desberdin onartu zituen Tolosako Udalak: orokorra (urteko 139,65 euro), auzokonpostarena (urteko 112,15 euro), eta autokonpostarena (urteko 97,75 euro).

Auzokonposta edo autokonposta egiten duten herritarrek, hondakin bilketa tasan deskontua jaso eta dagokien tasa ordaintzeko, auzokonposta edota autokonposta egiten dutela frogatzen duen zinpeko aitorpena aurkeztu behar dute, UDATEn edo elektronikoki, maiatzaren 15a baino lehen. Herritar horiek postaz jasoko dute dokumentu hori eta eskuragarri egongo da, baita ere, UDATEn edota udal webgunean, ‘Tramiteak’ atalean. Behin zinpeko aitorpena aurkeztuta, udalari baimena ematen zaio emandako datuak egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapenak egin ditzan.

Aitorpen hori aurkezten ez den kasuetan, tarifa orokorra aplikatuko da, hau da, urteko 139,65 eurokoa. Zaborren tasa ordaintzeko borondatezko epea ekainaren 1etik uztailaren 7ra bitartekoa izango da. Hori horrela, ordainketa helbideratuta duten herritarrei borondatezko epearen azken egunean kobratuko tasaren zenbatekoa kontu-korrontetik. Helbideratu gabekoen kasuan, aldiz, herritarrek posta arruntez jasoko dute ordaintzeko beharrezko dokumentua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!