Asuncion klinika

Asuncion Klinikako langileek elkarretaratzeak egingo dituzte Tolosako udaletxearen aurrean

Ataria 2023ko maiatzaren 5a

Maiatzaren 9, 17, 23 eta 29an egingo dituzte elkarretaratzeak, 11:00etatik 11:30tara, eta gero klinikara igoko dira. Pasa den asteazkenean, atzo eta gaur bi orduko lanuzteak egin dituzte.

Langileek hasiak dituzte jada lanuzteak. Astearte eta ostegunero klinikako kafetegiaren aurrean elkartzen dira hamar minutuz bizi duten egoera salatzeko, eta pasa den asteazkenean, atzo eta gaur, bi orduko lanuzteak egin dituzte, baina beste pauso bat eman eta lanuzteak indartu dituzte. Horiek horrela, maiatzaren 8, 9, 17, 18, 19, 22, 23, 29, 30 eta 31n egun osoko greba egingo dute. Egun horietan elkarretaratzeak egingo dituzte Asuncion aurrean 12:00etan. Mobilizazio horiekin batera, maiatzaren 9, 17, 23 eta 31n kotxe karabanak egitea aurreikusten zuten; orain, egun horietan, 11:00etatik 11:30tara elkarretaratzeak deitu dituzte Tolosako udaletxearen aurrean, eta gero klinikara igoko dira. «Hitzarmen duin baten alde borrokan, herritar guztioi parte hartzera deitzen zaituztegu», adierazi dute langileek.

Asuncion Klinikako (Inviza ospitaleko) langileek zuzendaritzari eskatu zioten jarreraz aldatu eta langileen erosahalmena bermatu eta lan orduak murriztuko dituen hitzarmena negoziatzeko. Oraindik erantzunik jaso gabe jarraitzen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!