Erreportajea

Migratzaileen bizipenak gorpuztuta

Irati Saizar Artola 2023ko mai. 5a, 11:59

Hamasei artistak aniztasunaren errealitatea irudikatu dute Tolosan, ‘Aniztasunak’ erakusketan, migratzaileen testigantzekin. Ekainaren 3ra arte egongo da ikusgai erakusketa, Aranburu jauregiko aretoan.

Hamasei migratzaileren testigantzak gorpuztu dituzte hamasei artistak, pintura edo eskultura bidez, eta Aniztasunak erakusketan bildu dituzte, Tolosako Aranburu jauregian. Ereite elkarte multikulturalak proposatutako proiektua da, Eskuahaldunak eskultoreen elkartearekin eta Billabonarte artista elkartearekin batera. Ostiralean zabaldu zituen ateak erakusketak, eta ekainaren 3ra arte egongo da ikusgai.

Artearen bidez aniztasunaren errealitatea landu nahi izan dutela azaldu du Hector Luna Lara Ereite elkarteko kide eta hamasei artistetako bat ere badenak. «Etorkinak estigmatizatu egiten ditugu, hainbat arrazoi tarteko; estigma horiek apurtu nahi ditugu erakusketa honetan, eta, era berean, immigrazioak eragin ditzakeen dramei buruz aritu nahi dugu».

«Lehen eskutik» bildu dituzte migratzaileen hamasei testigantzetako batzuk, eta «albisteetatik» beste batzuk. «Herrialde ezberdinetako bizipenak jasotzen saiatu gara; tartean, Euskal Herritik migratu behar izan zuten hiru euskal herritarrenak», azaldu du Lunak. Aniztasun horretan, migratzeko arrazoiak ere «askotarikoak» izan daitezen saiatu dira: «Gerragatik, indarkeriagatik, klimagatik edo sexu dibertsitateagatik immigratu behar izan dutenen ahotsak bildu ditugu, migratzeko arrazoiak ez baitira beti gerragatik edo ekonomiagatik izaten».

Bizipen horietako bat jaso du artista bakoitzak, eta horren inguruko lana egin du. Uxue Lasa Ameztoi Euskahalduna eskultoreen elkarteko lehendakariorde eta hamasei artistetako bat ere badenak esan duenez, «askatasunez» egin dute lan, «artean egiten den bezala». Gehitu du artista bakoitzak bere interpretazioa egin duela testigantzak irakurri ostean: «Immigrazioa oinarri hartuta, orokortasunetik lan egin dute batzuek, eta beste batzuk testigantzan bertan oinarritu dira gehiago euren lana egiteko».

Esatetik ikustera

Duela sei hilabete hasi ziren erakusketa antolatzen, eta artistek ere tarte hori izan dute euren lanak ontzeko. Gutxi gorabehera, hiru pieza egin ditu bakoitzak, eta erakusketan bertan triptiko baten bidez ezagutaraziko dute bakoitzari dagokion testigantza.

Lunaren hitzetan, artistei dagokienez ere aniztasun hori lortzen saiatu dira erakusketan: «Teknika ezberdinak lantzen dituzten artistak bilatu ditugu, interpretazio originalak eta pertsonalak egiten dituztenak. Gainera, migratu duten pertsonak dira artista horietako batzuk». Horien artean daude, esaterako, Tytti Thusberg finlandiarra eta Paz Treuquil txiletarra. Ekuadorrekoak dira beste hiru artista, Luna bera tartean.

Siriako bi errefuxiaturen testigantzak jaso ditu Lasak bere sormen lanean —eskulturak egiten ditu—, Yousef eta Lianena. Itsasoa zeharkatu zuten biek, eta Turkiatik Greziako errefuxiatuen kanpalekuetara iritsi ziren. Espainiara bidaiatu zuten gero handik. «Oso gogorra egiten zait telebistan zenbait irudi ikustea; jendea itotzen uzten dugu itsasoan», esan du Lasak.

Eskulturetako batean itsasoko zeharkaldia irudikatu du Euskahalduna eskultoreen elkarteko lehendakariordeak: «Karramarroak harrapatzeko nasa bat da, tranpa bat irudikatzen du, eta buru batzuk ateratzen dira hortik». Beste eskultura bat «Europako hipokrisia salatzeko» egin du Lasak. «Nor etor daitekeen eta nor ez aukeratzen dugu, eta hori irudikatu nahi izan dut». Hirugarren eskulturan begi bat osatu du, odolezko malkoekin. «Sufrimenduaren irudikapena da».

Lunak, berriz, Maliko herritar baten istorioa kontatu du lau koadroren eta eskultura baten bidez —pintura eta eskultura lantzen ditu—. «Gurasoak erail zizkiotenean, bere herrialdetik alde egin behar izan zuen, anaia gaztearekin batera, eta oraindik eskuetan ditu Melillako [Espainia] hesietako alanbreen orbainak», azaldu du Lunak. Akrilikoa eta olioa erabili ditu sormen lanerako, aurrez ehundutako mihise baten gainean. «Malitar horrek bizi izandako dramaren inguruko hausnarketa bat da», zehaztu du sortzaileak. «Gainera, uste faltsu bat daukagu: iruditzen zaigu Afrika basatien kontinente bat dela, inoiz kulturarik izan ez dutenena. Baina historiak erakutsi digu hori ez dela horrela, Afrikak herrialde oso aberatsak dituela kulturari dagokionez».

Lunak gaineratu du migratzaileek artearen bidez herri bakoitzari egin diezaioketen ekarpena erakutsi nahi izan dutela euren lanekin. «Antzekoak izan arren, baditugu desberdintasunak, eta gizarteari ekarpena egitea izan behar luke gure zeregina».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!