Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

Tolosako kirol instalazioetako langileek greba mugagabea egingo dute

Ataria 2023ko maiatzaren 5a

Usabal kiroldegiko langileek martxoaren 15ean egin zuten elkarretaratzeko irudia. JOSU ARTUTXA

Astelehenean, maiatzak 8, hasiko dute greba mugagabea Usabal kiroldegiko eta Berazubi estadioko langileek, ELA sindikatuak deituta. Hori dela eta, herriko bi kirol instalazioak itxita egongo dira. Astelehenean bertan elkarretaratzea egingo dute udaletxe parean, 11:00etan.

Hitzarmen berrirako negoziazioak urtarrilean hasi zituzten, baina enpresaren «jarrera arduragabea» ikusita, greba mugagabea hastea erabaki dute langileek. BPXport enpresak kudeatzen du kiroldegia eta 31 langile ditu: 14 soilik jardun osoan, eta 23 lanaldi zatikatuarekin; «goizean lehen orduan hasi eta azken orduan bukatzen dute». Langileen eskarien artean daude, besteak beste, orduen aitortza, kategorien zehaztapena edota erosahalmenari eustea.

Egoera salatzeko, martxoan egin zituzten lehen lanuzteak; hain justu, martxoaren 16tik 26ra bitarte itxita egon ziren kirol instalazioak. Kasu honetan ez dute lanera itzultzeko datarik zehaztu. Hala ere, astelehenean elkarretaratzea egingo dute 11:00etan Tolosako udaletxearen parean, langileen esanetan «bera baita zerbitzu honen arduraduna».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!