Topic-en argazkiak egiteko gonbidapena

Ataria 2023ko maiatzaren 4a

Maiatzaren 18an ospatuko den Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunen barruan, hilaren 14ra bitarte, Fotopic 2023 argazki lehiaketa antolatu du Tolosako museoak.

Urtero, 1977tik, maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu osoan; Tolosako Topic-ek ere bat egiten du ospakizunarekin. «Aukera paregabea da museoek gure gizartearen eta kulturaren garapenean duten zereginaz kontzientziatzeko», adierazi dute bertako kideek. Bada, 2023ko Museoen Nazioarteko Eguna dela eta, txotxongiloak eta argazkigintza maite duen oro museoan argazkiak egitera gonbidatu du Topic-ek, Fotopic 2023 argazki lehiaketa antolatu baitu.

Maiatzaren 14ra bitarte, jarduera honetan parte hartu nahi dutenek museoan dohainik sartu ahal izango dute argazkiak egitera. Sarreran identifikatu egin beharko dira, eta azken egun hori baino lehen, egiten dituzten irudien aukeraketa bat bidali beharko dute museo@cittolosa.com helbide elektronikora. Argazkiak Topic.eus webgunean elkarbanatuko dituzte, eta aurkeztutako irudi guztiekin, publikoari irekitako argazki erakusketa bat antolatuko dute maiatzean, Topic-en bertan.

Parte hartzaile guztien artean hiru irabazle egongo dira eta maiatzaren 18an (Museoen Nazioarteko Egunean) egingo dute sari banaketa ekitaldia. Irabazle bakoitzak Topic-eko txotxongilo bat eta Topic-en txotxongilo ikuskizun bat ikusteko 4 sarrera (2023ko urritik 2024ko maiatzera bitartekoak, Titirijai jaialdiko ikuskizunak izan ezik) eskuratuko ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!