Egun batez erlezain izateko aukera, Balerdiren altzoan

Irati Saizar Artola 2023ko mai. 3a, 19:59

Balerdipeko Erleak proiektua ezagutu eta erlezaintza gertutik bizitzeko bisita gidatuak eskaintzen ari dira; larunbatero egiten dituzte, Bedaion.

Erlezaintzaren atzean dagoen guztia bertatik bertara ezagutzeko bisita gidatuak eskaintzen hasi dira Inaxio Arin eta Mattin Jauregi, Balerdipeko Erleak proiektuaren gidariak. Babeserako arropak jantzi eta haur eta familientzat bisitak egiten dituzte, larunbatero, 10:00etan hasita, Bedaion, Balerdi mendiaren magalean dituzten erlauntzetan. 

Erlezaintza gaztea da Arinek eta Jauregik Balerdipeko Erleak proiektuaren atzean egiten duten lana. Erlezaintza «gure ikuspegitik» adieraztea da bi gazte ekintzaile horien asmoa. Balerdiren altzoan, erle beltzaren eztia eskuratzetik harago joan nahi dute, errepikatu ohi duten moduan, «erlezaintza ez delako eztia bakarrik». 

2019an ekin zion erle beltzekin lan egiteari Jauregik. Pare bat erlauntza jarri zituen, baina «ezjakintasunagatik» hil egin ziren. Aurrerago berriro egin zuen erlauntzak jartzeko apustua, eta ordurako Gipuzkoako Erlezain Elkarteak eskaintzen dituen ikastaroak jasota zituen. «Hasieran bi erlauntza zirenak hamabost izatera iritsi ziren». Arini interesa piztu, eta apustu «serioago» bat egiteko erabakia hartu zuten. 

Gaur egun, 100 erlauntza inguru dauzkate, baina ez daude guztiak Bedaion: «Sagarraren polinizazioaren kontuarekin hainbat herritan banatuta dauzkagu».  

Bisita gidatuak

Erlezainaren lana zein den ezagutzeko eta erlea bera gertutik ezagutzeko bisita gidatuak egiten hasi dira. Udazkenera bitarteko larunbatetan egiten dituzte saioak, 10:00etatik 12:00etara, Bedaion bertan. Lauzpabost urtetik gorakoei zuzendutako saioak dira eta aurrez hartuko behar da txanda Balerdipeko.eus webgunearen bidez. 

Lehenik, alde teorikoa eskaintzen dute, erlauntzaren eta erlearen inguruko informazioa emateko. «Erlauntza batean bizi den erle kopuruaz, erlauntzako partaideez, egiten dutenak aritzen gara», zehaztu du Arinek. 

Ondoren, babeserako arropak jantzi eta erlategira egiten dute bisita, teoriarekin ikasitakoa praktikan ikusteko. «Bisita biziak izaten dira, esperientzia barrutik bizitzen duzulako, erleak gertu dituzulako eta horrek sortzen duelako halako sentsazio bat». Jendeak dituen zalantzak argitzen saiatzen dira.     

Amaitzeko, bertatik ateratako produktuekin dastaketa bat egiten dute. «Produktu gordinak eskaintzen ditugu dastatzeko, ezti mota desberdinak alegia, eta subproduktuak ere bai». Izan ere, ezti mota ezberdinez gain, txokolate zuri eta txokolate beltz kremak, hurrekin egindako krema, ezti ozpina... egiten dituzte.  

Bisitez gain,  polinizazio zerbitzua ere martxan dute iaztik eta ikastaroak ere emango dituzte, dakitena plazaratzeko. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!